Casas Rurales con encanto en Arraia-Maeztu

Agroturismo Izarrate

Agroturismos

Agroturismo Izarrate

Arraia-Maeztu (Alava) España

Informazio orokorra:

Arraia-Maeztu udalerria. Azalera: 123,11 Km². Biztanleak: 707.
Arraia-Maeztuko udalerria zabala da, eta bi errekaren inguruan eratutako ibarrek osatzen dute: Arraiako harana, Berron errekaren bidean, eta Laminoriako harana, Musitu errekaren bidean. Iturrietako eta Gasteizko mendiek inguratzen dute. Udalerria 1958. urtean eratu zen, Apinaiz, Arraia, Korres eta Laminoriako udalak batuta. Hasieran Maestu deitu zioten, baina 1987. urtean egungo izena hartu zuen: Arraia-Maeztu.

Historia:

Antzina-antzinatik egon da jendeztatuta; hala, bada, Atxosteko aztarnategian Historiaurreko jendeztatzeen hondarrak gorde dira, K.a. 10500etik 1500era bitartekoak. Glaziazio garaiak amaitzen ari zirenean sartu ziren lehen giza taldeak, Goi Paleolitoaren amaieran edo Madeleinealdian. Egungo klima aldian, Holozenoan alegia, gizakien presentzia are gehiago handitu zen, azken ehiztari-biltzaileekin, 7500etik 4300era bitartean egon baitziren bertan. Ordutik aurrera Neolitoan sartzen gara; orduan hasi ziren agertzen abeltzaintza eta nekazaritza.
Atauri herriaren goialdean Mairuen haitzuloa dago; giza irudien eta zeinu abstraktuen pinturak dauzka. Arburu mendiaren hegalean, Gesal deritzon lekuan, aspaldiko burdinola baten hondakinak daude, presa eta arkuekin, bai eta 1561eko irin errota ere. Mendi gainean Obi eta Gesaleko haitzuloak daude.
Arraia-Maeztuk eta Bernedok Euskal Herriko parke natural nagusietariko bat partekatzen dute: Izkiko Parke Naturala. Askotariko fauna eta flora dago parkean. 1998. urtetan izendatu zuten parke natural. Nabarmendu beharrekoa da, halaber, Olandinako urmaela. Jatorri diapirikoa duen hezegune txiki bat da, eta bertan igebelar zuriaren loratze zoragarria ikus daiteke. Iturrietako mendietan dagoen Igoroingo amildegia landaretza simetriaren erakusgarri da: laiotzetan, pagadiak; eguteretan, erkameztiak.

Herrixkak:

· Aletxa: Altitudea: 744 m. Biztanleak: 40.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da. Antzinako herria da oso, eta 1025erako Donemiliaga Kukulako Rejan ageri zen, Allega izenaz. Garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, Nafarroatik eta Errioxatik Lautadara eta Kantabriara zihoazen bidaiariek asko erabiltzen zuten ibilbide batean zegoelako.
Ondarea: San Estebanen parrokia eliza. XVI. mendekoa da, baina Erdi Aroko aztarnak ditu. Eliz ataria harlanduzkoa da. Mendebaldean, arku zorrotzeko leiho erromaniko bat du, XIII. mendekoa. Erdiko erretaula XVI. mendekoa da; toki nagusian San Estebanen XVII. mendeko tailu bat du, eta goialdean Jesu Kristo Gurutziltzatua. Alboetan, bi erretaula: Arrosarioko Ama Birjinarena (barrokoa, XVIII. mendekoa) eta San Blasena. Herritik bi kilometrora, Larrio errota edo okindegia dago, 1595. urtean eraikia.
Jaiak: abuztuaren 2an eta 3an (abuztuko lehen asteburua).
· Apinaiz/Apellaniz: Altitudea: 735 m. Biztanleak: 108.
Historia: Kontzeju hau San Kristobal haitzaren gerizpean dago. Apinaiz oso antzinatik da hiribildua. Urteetan zehar, hainbat eratara ageri da aipaturik Donemiliaga Kukulako Rejaren agirietan. Hiribildu titulua Castrofuerteko markesari eman zitzaion. Garai batean “Mandazainen Bidea” esaten zioten. Arraia-Maeztuko udalerrikoa da 1958. urtetik.
Ondarea: Elespara auzoan dago plaza, eta bertan daude udaletxea eta parrokia eliza. Plazaren mendebaldean Neira-Alemani leinuaren etxe armarriduna dago. Goikara auzoan, Fernandez Viana leinuaren jauretxea. Andre Mariaren Jasokundearen eliza. Eliz atariak erdi-puntuko hiru arku ditu. Ataria erromanikoa da, arku zorrotzekoa. Oinplanoa XVII. mendeko eraikuntza bat da, gurutze latindarreko nabe bakarra duena. Erretaula nagusia multzo rococoa da.
Jaiak: apirilaren 16an (San Toribio).
· Areatza/Arenaza: Altitudea: 848 m. Biztanleak: 8.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da, eta Laminoriako haranaren malda leun batean dago. Areatzako herrixka Santa Piako abade sekularraren mende zegoen.
Ondarea: San Agustinen parrokia eliza. Eliz atariak harlanduzko arku zorrotza du. Ataria Erdi Arokoa da, eta arku zorrotz bat eta ertz biziko hiru arkibolta dauzka. Oinplanoa karratua da, Erdi Arokoa, eta kanoi ganga batek estaltzen du. Erretaula nagusia rococoa da.
Jaiak: abuztuaren 28a (San Agustin).
· Atauri: Altitudea: 659 m. Biztanleak: 27.
Historia: Kontzeju hau Izkiko eta Arburuko mendiek eratzen duten meharguneko haitzen artean dago kokatuta. Brontze Aroko nahiz Burdin Aroko aztarnak aurkitu dira “Fraile” delako mendian. Herriaren goialdean Mairuen haitzuloa dago; giza irudien eta zeinu abstraktuen pinturak daude bertan. XI. mendean, Donemiliaga Kukulako Rejan, Atauri de Suso eta Atauri de Yuso izenekin ageri da. XII. mendeko agiri batzuetan ere ageri da, Nafarroako Antso Azkarrak 1192. urtean Larrauni eta 1193. urtean Larragari eman zizkien foruetan. Gaztelak 1199. urtean konkistatu zuen herria. Gaonarren eta Samaniegotarren agintepekoa izan zen. Nabarmendu beharrekoak dira, halaber, asfalto naturalaren meatokiak.
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Eliz atariak bi arku ditu. Ataria Erdi Arokoa da, XIII. mendekoa, arku zorrotzekoa. Oinplanoa laukizuzena da. Burualdea eta lehen atala XVI. mendekoak dira, baina nabearen gainerakoa Erdi Arokoa da. Erdiko erretaula XVII. mendekoa da, eta Jasokundeko Andre Mariaren tailu barroko batek du bertan toki nagusia. Bakardadeko Andre Mariaren baseliza erromanikoa. Maeztura bidean dago, eta XIII. mendekoa da.
Jaiak: apirilean, Liebanako San Toribioren egunaren inguruan.
· Azaceta: Altitudea: 815 m. Biztanleak: 30.
Historia: Kontzeju honek, urteetan zehar, izen bat baino gehiago izan du: Azazaheta 1025. urtean, Donemiliaga Kukulako Rejan; Anzoeta 1257. urtean, Kalagorriko elizbarrutian; Asaseta 1601. urtean, gaunarren liburuan. Gaonarren agintepekoa zen 1369. urtean, eta Samaniegotarrena, 1632an.
Ondarea: Andre Mariaren Jaiotzaren parrokia eliza. Eliz atariak erdi-puntuko arku bat du, harlanduz egina. Elizaren oinplanoa laukizuzena da, XVI. mendekoa, eta Erdi Aroko lehen eraikuntzaren aztarnak gorde dira. Erdiko erretaula Andre Mariaren Jaiotzari eskainita dago, eta Ama Birjinaren tailu bat dauka, Jesus haurrari eusten.
Jaiak: apirilaren 16an (San Toribio). Gaur egun uztailaren 25ean dira.
· Birgarabarren/Virgala Menor: Altitudea: 606 m. Biztanleak: 3.
Historia: Herri hau Birgaragoieneko kontzejukoa da. Oso antzinako herria da, eta Donemiliaga Kukulako Rejan Birgara de Yuso izenaz ageri da. Gaonarren eta, geroago, Samaniegotarren agintepekoa izan zen. Antzina, herri txikia izan arren, garrantzi handia zuen, han egiten baitziren Arraia-Laminoriako Ermandadearen batzar nagusiak.
Ondarea: Ama Birjinaren Sortzearen parrokia eliza. Nabeak oinplano laukizuzena du, eta XIII. mendekoa da. Erdi Aroko aztarnak ikus daitezke harburuetan eta erlaitz hondarretan. XVI. mendean kapera egin zuten iparraldeko alboan. Erdiko erretaula XVIII. mendekoa da, barrokoa.
Jaiak: ekainean, San Adrian egunaren inguruan.
· Birgaragoien/Virgala Mayor: Altitudea: 706 m. Biztanleak: 42.
Historia: Kontzeju honek mila urte baino gehiago ditu. Bergale izenaz agertu zen 871. urtean, eta XI. mendean Birgara de Suso izenaz, Donemiliaga Kukulako Rejan. Hiribildu titulua du, Gaztelako Henrike II.ak 1369. urtean emana.
Ondarea: Etxeen artean, XVIII. mendeko etxe bat nabarmendu behar da. Harlanduzkoa da, eta balkoi jarraitua du. Aurrealdean bi armarri ditu. San Andres kalean badago beste etxe bat, XV. mendekoa, “Zurezko Etxea”esaten diotena. Arrosario kalean santutxua dago. XVI. mendekoa da, platereskoa, baina gotiko kutsua du. San Andresen parrokia eliza. Eliz ataria harlanduzkoa da, eta lau zutabe ditu, bai eta zurezko estalkia ere. Arku handi batek banantzen ditu tenpluaren bi ateak. Erdi Aroko atariak (XIII. mendekoa da) pilastrak ditu. Erretaula nagusia barrokoa da, XVII. mendekoa, eta toki nagusia santu titularrak, San Andresek, dauka. Alboetan, San Pedro eta San Pauloren tailuak daude. Aldareak kalbario bat du goialdean. Bataiotegian daukan harria erromanikoa da. Zaharberriturik dago, eta litekeena da elizako jatorrizko bataiarria izatea, lurpean aurkitu zuten eta.
Jaiak: abuztuaren 15ean.
· Elortza/Leorza: Altitudea: 662 m. Biztanleak: 12.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da, eta “Los Pocilones” izeneko mehargunearen sarreran dago. Donemiliaga Kukulako Rejan Elorzahea izenaz ageri da 1025. urtean. Herri hau ere Santa Pia abadiakoa izan zen.
Ondarea: Santa Eufemia parrokia eliza. Eliz ataria harlanduzkoa da, eta bi arku ditu. Ataria Erdi Arokoa da, XIII. mendekoa. Erdiko erretaulako toki nagusian Santa Eufemiaren tailua da buru.
Jaiak: irailaren 11an (Santa Eufemia).
· Erroeta/Onraita: Altitudea: 962 m. Biztanleak: 26.
Historia: Kontzeju hau Iturrietako mendien hegalean dago. Donemiliaga Kukulako Rejan Erroheta gisa ageri da 1025. urtean. Gaonarrak izan ziren hango lehen jaunak, eta haien mendean egon zen XV. mendearen erdialdera arte; orduan, Aiala leinuaren mendera igaro zen.
Ondarea: Andre Mariaren Jaiotzaren eliza. XVI. mendekoa da. Eliz ataria harlanduz egina dago, eta bi arku dauzka, burdin sarezko ateekin itxita. Atariak arku profilduna du, laukizuzen hondoratuekin apaindua. Erdiko erretaula XVII. mendekoa da, eta Andre Mariaren Jaiotzaren irudi batek du bertan toki nagusia. Bataiarria Erdi Aroko lan ederra da.
Jaiak: ekainaren 24an.

· Erroitegi/Roitegui: Altitudea: 957 m. Biztanleak: 27.
Historia: Kontzeju hau Iturrietako mendien adarretan dago, Igoroingo amildegiaren ertzean. Urteetan zehar, izen bat baino gehiago izan du: Rociegui, 1257ean, Reoteguy 1464an, eta Erroitigui XVI. mendean. Gaonarren, Aialarren, Salvatierratarren eta, azkenik, Porcelestarren agintepekoa izan zen.
Ondarea: San Pedroren parrokia eliza. Eliz ataria harlanduzkoa da, eta zurezko estalkia du. Bi atari ditu, eta lehen eraikuntzakoa itxita eta zaharberriturik dago. Oinplano laukizuzena du; burualdea zuzena da eta erdi-puntuko arku handi bat dauka. Erretaula nagusia XVII. mendearen hasierakoa da eta San Pedrori eskainita dago. Bataiotegia nabarmendu behar da: bataiarri erromanikoa, XVI. mendeko moldurekin apainduriko oin zilindrikoa daukana.
Jaiak: ekainaren 29an (San Pedro eta San Paulo).
· Ibisate: Altitudea: 925 m. Biztanleak: 6.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da. Antzinako herria da, eta garrantzitsua izan zen Erdi Aroan. Donemiliaga Kukulako Rejan Ebissate izenaz ageri da.
Ondarea: Parrokia eliza. 1853. urtean eraiki zuten, eta San Estebani eskainita dago. Erretaula nagusia rococoa da, XVIII. mendearen bigarren erdikoa.
Jaiak: abenduaren 26an (San Esteban).
· Korres: Altitudea: 706 m. Biztanleak: 23
Historia: Kontzeju hau Izkiko Parke Naturalaren erdian dago. Mugalde izanik, Korres eskuratzeko lehia handia sortu zen batetik Gaztelako Alfontso VIII.aren eta bestetik Nafarroako Antso Jakitunaren eta haren seme Antso Azkarraren artean. Ibaiaren ibilguari jarraituz, gaztelua izandakoaren hondakinak aurkitzen dira; “Portiella de Corres” esaten zioten. Gaona leinuaren mendean egon zen. Lazkanotarren eskuetara igaro zen 1532. urtean.
Ondarea: San Estebanen parrokia eliza. XVI. mendekoa da, eta XVIII. mendean berritu egin zuten. Ataria errenazentista da, eta erdi-puntuko arku molduraduna du. Ganga hainbat sinbolorekin apaindurik dago. Erdiko erretaula gotikoa da, eta San Estebani eskainita dago; erdian, santuaren tailua dauka. Haitzeko Andre Mariaren baseliza erromanikoa. Herritik hegoaldera dago, inguru arrokatsu batean.
Jaiak: irailean, Gurutze Santuaren ohoretan.
· Maeztu/Maestu: Altitudea: 658 m. Biztanleak: 292.
Historia: Maeztu, Arraia-Maeztuko udalerriaren hiriburua, sakonune batean dago, Gasteiz-Lizarra errepideak erdibituta eta mendiz inguratuta. Historian zehar, izen bat baino gehiagorekin ageri da Donemiliaga Kukulako Rejan. Herriko lehen jaun-andreak Juan Ruiz Gaona eta Catalina Rojas izan ziren. Gaztelako Henrike II.ak eman zion jaurerri titulua 1369. urtean. Kokalekua zela eta nabarmendu zen Napoleonen aurkako gerran eta lehen karlistaldian, gobernuaren gotorleku izan baitzen hamabost hilabetez eta Zumakalarregiri aurre egin baitzion 1835. urtean. Oparotasun handikoa izan zen XVIII. mendean, burdinolak zirela medio; gero, XX. mendearen hasieran, asfalto meatokien eraginez. Arburu mendiaren hegalean, Gesal deritzon lekuan, aspaldiko burdinola baten hondakinak daude, presa eta arkuekin, bai eta 1561eko irin errota ere.
Ondarea: Samaniegotarren jauregia. Herriko plazan dago, eta XVII. mendekoa da. Harlanduz eginda dago, eta burdinazko balkoi jarraituak dauzka. Teilatu hegala landuta dago, eta armarri handia du. Gurutze Santuaren Idorokundearen parrokia eliza. Eliz ataria harlanduzkoa da, eta hiru arku ditu. Atariak oso arku beheratu bat dauka, molduraduna. Gurutze latindarreko oinplanoa du. XV. mendekoa da, eta XVIII. eta XIX. mendeetan handitu egin zuten. Erretaula nagusia Gurutze Santuaren Idorokundeari eskainita dago, eta toki nagusian Santa Helena dago. Landako Andre Mariaren baseliza. XIII. mendeko eraikin erromanikoa da.
Jaiak: ekainaren 16an, San Adrianen ohoretan, eta maiatzaren 3an, Gurutze Zapidunaren Jaian.
· Musitu: Altitudea: 793 m. Biztanleak: 12.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da. Oso antzinako herria da, eta Donemiliaga Kukulako Rejan Mussitu izenaz ageri da. Garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, bidegurutze batean egonik.
Ondarea: Musitun bi zubi daude: Igoroingoa eta Santa Piakoa. Irin errotetako baten hondakinak ere badaude (1561). San Martinen parrokia eliza. XIII. mendekoa da. Eliz ataria txikia da, eta erdi-puntuko bi arku dauzka. Atariak arku zorrotza du. Erretaula XVIII. mendekoa da, eta toki nagusia San Martinen tailu batek hartzen du.
Jaiak: azaroaren 11n, (San Martin).
· Sabando: Altitudea: 781 m. Biztanleak: 39.
Historia: Kontzeju hau ibar ezkutu batean dago, mendi eta haitzen gerizpean, eta ibai batek erdibitzen du. Oso antzinako herria da, eta Donemiliaga Kukulako Rejan Sabando de Yuso eta Sabando de Suso izenekin ageri da. Erdi Aroan, Gaona leinuko jaunak ziren jabeak, eta bi dorre militar eginarazi zituzten gune estrategiko honen defentsarako.
Ondarea: XVI. mendeko zenbait eraikin geratzen dira: San Gerbasen zurezko gurutzea, eta ibaitik hurbil, 1635eko irin errota. Azken hori zaharberritu egin dute, eta garai bateko makineria bertan gordetzen du oraindik. Andre Mariaren Jaiotzaren parrokia eliza. 1962.-1964. urteetan eraiki zuten, garai bateko eliza erromanikoa egon zen tokian. Aldare nagusiaren marko gisa, eta Jesu Kristo Gurutziltzatuaren irudi bat toki nagusian duela, XVI. mendeko harrizko arku zorrotz apaindua dago; hura zen tenplu zaharraren sarrera. Aldarearen ezkerraldean, Okorrialdeko Andre Mariaren irudia dago, XV. mendekoa; tenpluaren atzealdean, Erdi Aroko bataiarria.
Jaiak: ekainaren 19an.
· Zekuiano/Cicujano: Altitudea: 690 m. Biztanleak: 12.
Historia: Herri hau Laminoriako Erret Haraneko kontzejukoa da, eta urteetan zehar izen batekin baino gehiagorekin ageri da Donemiliaga Kukulako Rejan. San Toribio baseliza bidegurutzeen artean eta herritik hurbil dago; bertako areto batean biltzen ziren Batzar Nagusiak, eta Laminoriako Erret Harana osatzen zuten udalerrietako alkateak hautatzen zituzten.
Ondarea: Joan Bataiatzailearen Lepogabetzearen parrokia eliza. Eliz ataria harlanduzkoa da, eta erdi-puntuko hiru arku ditu. Erdi Aroko ataria du, XIII. mendekoa. Nabearen kanpoaldean lehen eraikuntza erromanikoaren aztarnak ikus daitezke. Erdiko erretaula XVIII. mendekoa da, eta toki nagusian San Joan Bataiatzailearen tailu bat dago, buru moztua eskuineko eskuan daukala. Santa Anaren baseliza. Herriaren erdialdean dago.

Mapa

Powered By Subgurim(http://googlemaps.subgurim.net).Google Maps ASP.NET

Casas Rurales con encanto en Alava

nekazalturismo
KVI00062
Arraia-Maeztu (Alava)
3 Apart.
10+11
«