Casas Rurales con encanto en Urkabustaiz

Ulle Gorri Baseria

Casas rurales

Ulle Gorri Baseria

Urkabustaiz (Alava) España

Informazio orokorra:

Urkabustaiz udalerria. Azalera: 60,49 Km². Biztanleak: 1165.
Kuadrillako udalerrien artean mendebaldekoena da eta Gorbeia mendigunearen eta Urduñako haitzen artean dago, Baias eta Altube ibaien haranetan. Udalerri hauekin egiten du muga: Zuia, Kuartango, Amurrio eta Urduña (Bizkaia). Hainbat errekak zeharkatzen dute iparretik, eta Altube ibaira isurtzen dira; horien artean Oiardo da handiena. Hegoaldean, Baias ibaiak banatzen du Kuartangoko haranetik eta, besteak beste, Izarra erreka jasotzen du. Tokirik ezagunenak ibaiek eragindako higadurari daude lotuta. Erliebe eta forma ikusgarriak sortu dituzte: Goiuriko ur jauzian du burua Jaundia ibaiak; Ebanako ur jauzian du sorburua Nerbioi ibaiak.
Antzina-antzinatik, tokiko ekonomia abeltzaintzan eta basogintzan oinarritu da; jarduera horiek garrantzi handia dute udalerrian. Nekazaritzako produktuen eta elikagaien sektoreak ere badu indarra: gazta, mamia, gozokiak, okela eta beste hainbat produktu ekoitzi eta eraldatzen dituzte. Industria Izarrako industrialde bietan dago kokatuta.
Goiuri-Ondonan eta, besteak beste, Untzaga, Uzkiano eta Oiardo herrietan inguruko landa arkitekturako baserri tipikoen eredu bikainak ikusten dira eta elizak bisita daitezke. Elizak lurralde honetako Erromaniko bereziaren eredu zoragarriak dira; batez ere leihate eta atarietan nabaritzen da.
Herriko seme ospetsuen artean, aipatzekoak dira: Martin Alonso Sarria, XVII. mendekoa, Abezian jaioa; Arabako diputatu nagusi izan zen 1621 eta 1624 artean, baita Gasteizko alkate, historiagile eta genealogista ere; eta Antonio Ortiz Urbina (1934-2001), Goiurin jaioa, idazlea, kritikaria eta antropologoa.

Herrixkak:

· Abezia: Altitudea: 625 m. Biztanleak: 39. Kontzeju hau Gibijo mendilerroko sakonune batean dago.
Ondarea: Beheko auzoan Urbina basetxea dago. Atari zabal dintelduna dauka. San Martinen parrokia elizak arku bikoitzeko elizpea dauka. Atariak erdi-puntuko arkua dauka. XIII. mendeko fabrika. Erretaula nagusi neoklasikoa, XVII. mendekoa. San Bartolomeren baseliza XIX. mendearen erdialdekoa da eta erretaula nagusi neoklasikoa dauka.
Jaiak: abuztuaren 24a (San Bartolome).
· Abornikano: Altitudea: 593 m. Biztanleak: 48.
Historia: Kontzeju hau Baias ibaiaren eskuinaldean eta La Llana mendiaren (757 m) magalean dago. Aiarako kondeen jaurerrikoa izan zen.
Ondarea: San Klementeren parrokia eliza lehenagoko baten gainean altxatutako eraikin modernoa da. Elizpeko ateak arku beheratua eta bi bao makotu dauzka. Fabrika XIX. mendearen azken aldekoa da. Dorrea, oinplano karratukoa eta bi gorputzekoa.
Jaiak: irailean.
· Apregindana/Apreguindana: Altitudea: 660 m. Biztanleak: 2.
Herri hau Untzaga-Apregindana kontzejukoa da eta Tejerizas errekaren ertzean dago. Ipar-ekialdean Untzaga dauka, eta hego-ekialdean Izarra. Egun herriak hiru baserri baino ez ditu. San Laurendiren parrokia zena apezpikuaren aginduz eraitsi zen.
· Beluntza: Altitudea: 666 m. Biztanleak: 39.
Historia: Kontzeju hau 1257ko agiri batean agertzen da Velunçaa izenaz, eta 1508an Beluza gisa.
Ondarea: San Pedro Apostoluaren parrokia elizak XIII. mendeko atari erromanikoa dauka. Atea zurezkoa da, eta arte herrikoiaren ikurrak dauzka zizelkatuta. XIII. mendeko fabrika eta leihate erromanikoak. Pietatearen baselizak elizpe eta ate dinteldunak dauzka. XVIII. mendeko fabrika.
Jaiak: ekainean.
· Goiuri: Altitudea: 622 m. Biztanleak: 44.
Historia: Herri hau Goiuri-Ondona kontzejukoa da. Mendi baten magalean dago, Altube ibaiaren adarra den Jandio errekaren ezkerreko ertzean. Inguruetan Jandio errekak sortutako ur jauzi ederra da aipatzekoa. Haren urak, 100 metrotik gorako altueratik jausten dira Euskadiko pagadirik handienetako batera. Altube ibaiaren haranean eta Gorbeiako Parke Naturalean dago. 1257ko agiri batean Guiari izenaz aipatzen da.
Ondarea: Done Jakueren parrokia elizak Erdi Aroko ataria gorde du, XII. eta XIII. mendeen artekoa. Ojiba arkua eta lau arkibolta dauzka, lehenengoan “Jacobi” idatzita. XIII. mendeko oinplano angeluzuzeneko fabrikak bi ataleko nabea du. Garaipen arku makotua dauka, itsatsita harroin erdiak dituzten pilastren gainean. San Antonioren baseliza.
· Inoso: Altitudea: 420 m. Biztanleak: 15. Kontzeju hau Izarratik iparrera dago, Pagogan (697 m) mendiaren oinean, Errekatxi ibaiaren ezkerreko ertzean.
Ondarea: Sortzez Garbiaren parrokia eliza 1936ko gerran erre zen. Horregatik da eraikuntza berria. Oinplano angeluzuzena dauka, ilargixka gangadun hiru atalek estalia. Goikoganako Andre Mariaren baseliza Inoso eta Oiardo artean dago.
Jaiak: abenduan.
· Izarra: Altitudea: 634 m. Biztanleak: 846. Kontzeju hau mendi baten magalean dago, Baias ibaiaren adarra den Izarra errekaren eskuineko ertzean. Bi herrigune ditu: Ostuño muinoaren magalean eta alde modernoa errepide ertzean. Izarra da hiriburua.
Ondarea: Herri zaharrean basetxe interesgarriak daude, batzuk L itxurakoak dira eta hegal nabarmenak dauzkate. Arrosarioko Ama Birjinaren eliza, lehenago zegoen XVI. mendeko beste baten gainean dago eraikita. Andre Mariaren Jaiotzaren parrokia elizak XVI. mendeko fabrika dauka. Oinplano angeluzuzena eta buru zuzena. Erretaula nagusi neoklasikoa, XVIII. eta XIX. mendeen artekoa. Hiru aldare-mahai. Santa Luziaren baselizak ate dintelduna dauka. Erretaula neoklasiko txikia.
Jaiak: urrian, eta abenduan Santa Luziaren baselizan.
· Larrazketa: Altitudea: 630 m. Biztanleak: 11.
Historia: Kontzeju hau Izarratik hego-ekialdera dago, sakonune batean. 1257, 1338, 1508 eta 1586ko agirietan Larrazketa izenaz agertzen da.
Ondarea: Garai bateko Andre Mariaren parrokia, gero San Bizenterena, egun baseliza erdi hondatua da. XVI. mendeko ataria dauka. XVI. mendeko fabrika gotiko berantiarra. Erretaula neoklasikoa. Eliza honetatik eramandako bi eskultura daude Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan: XIV. mendeko Andra Mari bat eta XV. mendeko eskultura gotiko bat, liburua daukan santu batena.
Jaiak: urrian.
· Oiardo: Altitudea: 626 m. Biztanleak: 43.
Historia: Kontzeju hau Oyardo izenez agertzen da 1257ko agiri batean. Oiardo ibaiak bi auzotan banatzen du herria.
Ondarea: San Joanen parrokia elizak XVIII. mendeko elizpea dauka. Erdi Aroko atariaren aztarnak. XIII. mendeko fabrika, oinplano angeluzuzena eta buru zuzena. Kanoi zorrotzeko ganga. Garaipen arku makotua. Goikoganako baselizak elizpe herrikoia eta arku zorrotzeko ataria dauzka. Oinplano angeluzuzeneko fabrika. Haurra daukan Andre Mariaren tailu ederra, gotiko berantiarrekoa. Lehenagoko fabrikaren ezkerraldean itsatsita, baseliza zaharra. Jatorrizko atariaren eta horma-pinturen aztarnak, gotiko berantiarrekoak.
Jaiak: irailean.
· Ondona: Altitudea: 660 m. Biztanleak: 8.
Historia: Goiuri-Ondona kontzejuko herri hau Estuñaga (840 m) mendiaren oinean dago, Izarra errekaren sorburuan. 937ko agiri batean Ondona izenez agertzen da eta Undona izenez 1257an. XIII. mendeko jaunen arteko borroketan, Orduño Salcedok Ondonan garaitu zuen Pedro Hurtado Mendoza.
· Untzaga/Unza: Altitudea: 663 m. Biztanleak: 47.
Historia: Herri hau Untzaga-Apregindana kontzejukoa da eta Izarratik ipar-ekialdera dago. 1257ko agiri batean Unçaa izenez aipatzen da. 1836an Untzagan izan zen Egiaren armada karlistaren eta Esparteroren liberalen arteko borroka.
Ondarea: San Faustoren parrokia elizak XIII. mendeko ataria dauka. Arku zorrotzak hiru arkibolta dauzka. Fabrika XIII. mendekoa da. Oinplano angeluzuzena, buru zuzena, presbiterioa eta hiru ataleko nabea. Garaipen arku makotua. Erretaula nagusi barrokoa, XVIII. mendekoa.
Jaiak: urrian.
· Uzkiano: Altitudea: 691 m. Biztanleak: 23.
Historia: Kontzeju hau Izarratik iparmendebaldera dago, mendi mazelaren erdi parean. 1257ko agirietan Uzquiano izenez aipatzen da.
Ondarea: Oinplano ia karratuko basetxea dauka. Fatxada hegoaldera begira du. Benta izan zen, eta Malabrigo izenaz zen ezaguna. San Mikelen parrokia elizak arkiboltadun arku zorrotzeko ataria eta apaindu gabeko inposta dauzka. Fabrika erromanikoa eta buru zuzeneko oinplano angeluzuzena. Ez dauka erretaula nagusirik. Bataiarri erromanikoa.
Jaiak: irailean.

Mapa

Powered By Subgurim(http://googlemaps.subgurim.net).Google Maps ASP.NET

Casas Rurales con encanto en Alava

Casas rurales
XVI00132
Urkabustaiz (Alava)
2 apart.
12+5
«