Asparrena udalerria. Azalera: 65,18 Km². Biztanleak: 1595. |
Iparrean duen Urkilla-Altzania mendilerroaren eta hegoan duen Entzia mendilerroaren artean zabaltzen da. Zalduondoko herriak lurralde bi banatzen ditu, eta mendebaldekoan Gordoa eta Arriola daude. Erliebean bi esparru oso argi bereizten dira: udalerriaren erdialdea hartzen duen eremu laua, eta ertz menditsuak; hainbat errekak zeharkatzen dituzte Asparreneko lurrak: Araia, Arbara, Ametzaga, San Pedro, Tuberika eta Zirauntza. Hainbat gailurretara ere bertako lurretatik igotzen da; gailur nagusiak aipatuko ditugu: Albeiz (1011 m) Albeiztik; Allarte (1241 m), Aratz (1442 m), Arbarrain (1116 m) eta Umandia (1218 m) Araiatik; Entzia mendilerroko Leguribe (1113 m) Andoindik; Malkorra (1245) Gordoatik; Olano (1083 m) Ilarduiatik; eta Milpiribil (1291 m) Araia eta Gordoatik. Oinez ibilbide lasaiagoak egin nahi dituztenek, leku zoragarri hauek dituzte eskueran: Lezeko koba, Zirauntza ibaiaren sorburua, Marutegiko gaztelua eta San Adriango galtzada, Done Jakue bidearen zati dena. |
Dauden monumentu megalitiko ugariek historiaurreko gizakien presentzia goiztiarra adierazten dute. Erromatarrek ere utzi zituzten beren aztarnak: Bordeletik Astorgarako galtzadaren zatia eta egungo zenbait elizaren kanpo aldean dauden hilarri ugari. Balio artistiko handikoak dira Aistrako San Julianen baseliza, protorromanikoa eta Arabako zaharrenetarikoa, eta XII. mendeko Amamioko San Joanen baseliza erromanikoa. |
Errota, burdinola, harrobi eta basoen ustiapena izan dira, historikoki, inguruko ekonomiaren oinarriak. Burdin meatzeak, ura eta baso oparoa izanik, zenbait industria siderurgiko bertan finkatu ziren XIX. mendean eta arrakasta handia izan zuten. |
Nekazaritzako sektorearen barruan, landutako azalera urria azpimarratu behar da, lautadako beste udalerriekin alderatuta. Ardiak dira nagusi bertako abeltzaintzan; Urkilla eta Urbasako partzuergoetako larreetan bazkatzen dira. Behiak ere ugaltzen ari dira, gehienak ukuiluetan. Egun tokiko ekonomian Asparrena-Donemiliagako industrialdea nabarmentzen da. |
Udalerri honetako pertsonaia ospetsuen artean aipatzekoak dira Ramon Ortiz Zarate (1817-1883), Arriolan jaioa, foruen aldeko politikari eta idazlea; German Landazabal (1884-1953), musikari eta konpositorea; eta Andoni Urrestarazu, Umandi (1902-1993) euskal idazlea eta Araban euskara berreskuratzeko lanean jardundako sustatzaile nagusietako bat. |
Udalerriko herri nagusia Araia da; bertan biltzen dira bertako biztanleen 3/4ak. Asparrena Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusiaren partaidea da. |
· Albeiz / Albeniz: Altitudea: 585 m. Biztanleak: 82. Historia: Kontzeju honi buruz esaten da egungo Albeiz herria Pliniok aipatutako albaniarren herriarekin bat datorrela, haren izenaren eta Alba erromatar etxalde garrantzitsuaren arteko antzekotasunagatik. Horri guztiari inguruetan zehar aurkitutako arkeologia aurriak edo Lorenzo Prestameroren aipua gehitu behar zaizkio. Aipu horren arabera, Prestamero jaunak XVIII. mendearen azken alderantz Orraoko Andre Mariaren baselizako aldarearen gainean hilarri bat ikusi zuen. Egun, ordea, ez daukagu haren berririk. Horiez guztiez gain badago beste aipu bat ere Albeiz eta Alba zaharra lotzen dituena. Antonio erromatarrak aipatzen zuen Tullonium etxaldetik –egungo Dulantzi– Alba etxaldera hiru legoa zeudela: hamabi milia; hau da, bi herri horien artean dagoen distantzia. |
Erdi Aroan, Albeiz Donemiliagako Botoko agiri batean agertzen da. XIII. mendean Egilazko Artzapez barrutian egon zen, Albeiz eta Araiako lurretan zegoen Amamiorekin batera. Frantsesak 1795ko Konbentzioko Gerran Gasteizko batailan garaituta atzera egin behar izan zutenean, Albeiz arpilatu zuten, Frantziarako bidean baitzegoen. |
Ondarea: San Joan Bataiatzailearen parrokia elizak XVIII. mendeko elizpea dauka; XVI. mendeko erretaula nagusia platereskoa da; bankua, hiru gorputz eta Kalbarioko eszenaren errematea dauzka. Errataula nagusiaren lehen gorputzean, Orraoko Andre Mariaren irudia; irudi hori izen bereko baselizatik ekarritakoa da, zein XIX. mendea arte egon baitzen Albeiztik gertu. |
Jaiak: ekainaren 24an, San Joan. |
· Ametzaga Asparrena: Altitudea: 586 m. Biztanleak: 36. Kontzeju hau lurralde lauan dago; iparrean Zalduondo eta Araiarekin egiten du muga, hegoan Durruma eta Egilatzekin, ekialdean Albeizekin eta mendebaldean Erdoñanarekin. |
Ondarea: San Joanen parrokia eliza, 1938an hondatua, 1940an inauguratu zen berriro. Atariak erdi-puntuko arkua dauka. Oinplano angeluzuzena, hiru aldeko absidearekin. XIV mendeko Andra Mari bat dauka. San Joan Bataiatzailearen eskultura ona ere badauka, XVI mendekoa. Sakristia XVI mendearen azken aldekoa da. |
Jaiak: Corpus egunaren aurreko igandea, ermandadearen otorduarekin. |
· Andoin: Altitudea: 613 m. Biztanleak: 30. Kontzeju hau Entzia mendilerroaren oinean dagoen sakonune batean dago. |
Ondarea: Santa Marinaren parrokia elizak XVI. mendeko ataria dauka. Erdi-puntuko arkua; harroin gotikoak. Fabrika XVI. mendekoa du. Oinplano angeluzuzena eta buru zuzena. Erretaula nagusi neoklasikoa. Sagrario interesgarria, urrezkoa, XVI. mendearen azken aldekoa. Bataiarria, lau zutabe atxikita dituen Erdi Aroko harroin baten gainean. XVIII. mendearen azken aldeko dorre karratua. |
Jaiak: uztailaren 18a, Santa Marina. |
· Araia: Altitudea: 603 m. Biztanleak: 1277. Historia: Udalerriko hiriburua da. Aratz, Albeiz, Egilar haitzen eta Altzaniako mendien oinean dago. Bertan zenbait inskripzio erromatar aurkitu dira, haietako bat hareharrizko aldare txiki baten gainean, Ziraunza ibaiaren ertzean, sorburuan; beste hiru elizako hormetan daude. Haitz garai baten gainean antzinako gotorleku baten hondakinak daude. Ekialdean Amamio herri hustua dago, Donemiliaga Kukulako Rejan aipatua. Astrea izeneko beste herri hustu bat ere badago. Arabako lautadara iristeko zeuden hiru Done Jakue bideetako bat Araiatik igarotzen zen, San Adriandik jaitsita. Araiatik gertu eta bide berean, San Martinen baseliza zegoen. Bertan dago Ajuriatarren burdinola zaharra ere, Metalurgica de Vitoria desagertuaren jatorri izan zena. |
Ondarea: Udaletxea barrokoa da, 1771koa, eta Asparreneko ermandadearen armarria dauka. |
San Pedroren parrokia elizak toskanar zutabedun elizpea eta XV. mendeko ojiba arkua dauzka. Mende bukaerako fabrika angeluzuzenekoa da. Hiru ataleko nabea. Absidearen kanpoaldean, lau hilarri erromatar txertatuta. XVIII. mendearen azken aldeko erretaula nagusi neoklasikoa. Bankuan Deikundearen eta Ama Birjinaren ezkon hitzen margolanak. Kale nagusian, San Pedroren eskultura neoklasiko ona. XVI. mendeko alboetako kapera bi. |
Andre Mariaren baseliza XVIII. mendeko fabrikakoa da. Kanpoaldean, Done Jakueren gurutzea erliebean. Erretaula nagusia barrokoa, XVIII. mendekoa. Jasokundeko Ama Birjinaren irudi barrokoa. Amamioko San Joanen baselizak leihatea dauka buruan, kapitelak apainduta eta XVII. mendeko jatorrizko irudia; bertan ekaineko San Joan bezperako erromeria egiten da. |
Jaiak: ekainaren 29a (San Pedro). |
· Arriola: Altitudea: 638 m. Biztanleak: 41. Historia: Kontzeju hau Narbaxa mendilerroaren magalean dago. 1691n dorre feudala zeukan, Okariztarren leinuko Juan Vitoria historialariak azaldu zuenez. |
Ondarea: Bengoa eta Martinez de Leivaren oinetxeak gorde dira. |
Andre Mariaren Jasokundearen parrokia elizak XIII. mendeko ataria dauka. Horren antzeko beste atari bat dago Erdi Aroko dorrean sartzeko. XVI. mendeko fabrika. Oinplano angeluzuzena. Buru zuzena, bi ataleko nabea. Gezileiho erromanikoa. Erretaula nagusi plateresko zoragarria, XVI. mendearen erdi aldekoa. Bi gorputzeko sagrarioa. Erdi Aroko dorre interesgarria, XIII. mendekoa. |
Jaiak: abuztuaren 16a (Andre Mariaren Jasokundea). |
· Egino: Altitudea: 569 m. Biztanleak: 75. Historia: Kontzeju hau Olano mendiaren (1083 m) eta Urbasa mendilerroaren artean dago. 1025ean Heinhu izenez aipatzen da Donemiliagako kodizean; Eguinioa 1257an; Eguinoa 1462an. 1066. urtean jaun Gideri Gideriz Eulatek eta haren emazte Antsa andreak Eginoan zeuden Ihazarretako monasterio txikia eta zenbait pieza oparitu zizkioten Iratxeko monasterioari. |
Bertan jentilen leizea aipatzen da, zeinean norbait bizi izan zen arrastoak baitaude. XVII. mende hasieran, Logroñoko autofedean, zenbait sorginkeria prozesuk astindu zuten herrialdea, 1609an eta 1610ean. Eginon 6 laguni hartu zitzaien lekukotasuna; salatuetako bik bertan akelarrea zegoela aitortu zuten. |
Ondarea: Lezeatarren dorrea egon zen, baina egun hondar batzuk baino ez dira geratu. Bertatik igotzen da oso sakona den Lezeko kobara eta aztarna arkeologikoak dauzkan Jentilen kobara. |
San Estebanen parrokia elizak harlanduzko hiru arkuko elizatea eta erdi-puntuko arkudun ataria dauzka. XVI. mendeko fabrika, oinplano angeluzuzena eta buru zuzena. Ez dauka erretaula nagusirik. Sagrario ona dauka, XVI-XVII. mendeen artekoa. Sortzez Garbiaren oihala, XVI. mendekoa. |
San Kristobalen baseliza ere badago. |
Jaiak: uztailaren 10a (San Kristobal). |
· Gordoa: Altitudea: 633 m. Biztanleak: 36. Historia: Kontzeju hau Narbaxa mendilerroaren oinean dago. 1025ean Gordova izenez agertzen da Donemiliagako kodizean; Córdoba 1257an; Cordova 1294an; Hordoa 1602an. |
Ondarea: Jasokundearen parrokia elizak XIII. mendeko atari erromanikoa dauka. Ojiba arkuak erliebedun bost arkibolta dauzka. XVI. mendeko fabrika. Erretaula nagusia barrokoa, XVII. mendekoa, banku eta gorputz nagusiarekin. Bataiarri gotikoa. Korua XVIII. mendearen erdi aldekoa da, eta arku beheratua dauka. |
Seme ospetsuak: Miguel Alonso Mezquia, meza kapilautza bat sortu zuen, baita eskola bat ere, Gordoan edo inguruan jaioek irakurtzen eta idazten ikas zezaten. |
Jaiak: abuztuaren 24a (San Bartolome). |
· Ibarguren: Altitudea: 617 m. Biztanleak: 13. Historia: Kontzeju hau Entzia mendilerroko Atain mendiaren (1154 m) oinean dago. 1025ean Ibarguren izenez agertzen da Donemiliagako kodizean eta Ibargueren izenez 1257an. |
Ondarea: San Martinen parrokia elizak XV. mendeko ataria dauka, arku konopialekoa. Oinplano angeluzuzena eta buru zuzena. Erretaula nagusi barrokoa, rococoa, XVIII. mendekoa. |
San Martinen irudia du, barrokotik neoklasizismorako trantsiziokoa. Parrokia horretatik ekarritakoa da egun BIBATen, Arabako Arkeologia Museoan, dagoen erromatarren garaiko hilarri epigrafikoaren zatia. |
Jaiak: azaroaren 11 (San Martin). |
· Ilarduia: Altitudea: 574 m. Biztanleak: 57. Historia: Kontzeju hau Altzania mendilerroaren hego isurialdean dago. 1025ean Hillardui izenez aipatzen da Donemiliagako kodizean; Larduya 1257an; Hillarduy 1602an. Lezea dorrea gobatik, Lezetik gertu zegoen; egun ez dago haren aztarnarik. Arkeologia aztarnategi garrantzitsuak: Ameztutxo (neolitikoa), Jentilen leizea (Brontze Arokoa), Allaran (Burdin Arokoa). |
Ondarea: San Mikelen parrokia elizak XVIII. mendeko atari barrokoa dauka. Hiru ataleko oinplano angeluzuzena. Erretaula nagusi barrokoa, XVII.ekoa. Ezker alboko kaperak Lezea-Ilarduia-Okariztarren armarria dauka. Bataiarri gotikoa. Atzanegiko Andre Mariaren baseliza eta Lezeko San Pedroren baselizaren hondarrak ere badaude. |
Jaiak: irailaren 9an, erromeria San Joanen baselizan; irailaren 29a. |
· Urabain: Altitudea: 610 m. Biztanleak: 19. Historia: Kontzeju hau Urbasa mendilerroko Atain mendiaren (1154 m) oinean dago. Baserriak, zirkuluerdi forman, mendilerroaren hegalean daude. Bertan erromatar hilarri bat dago. 1025ean Hurabagin izenez agertzen da Donemiliagako kodizean. |
Ondarea: Urabaingo kapare etxea, XVIII. mendekoa, fatxada nagusian armarria daukana. Isolatuta dago bere “rain” eta baratzearekin. |
San Joan Bataiatzailearen parrokia elizak bi arkuko elizpea dauka; fatxadan, zulo bateko kanpai horma; XVI. mendeko harlanduzko lana eta haren hormetan hilarri erromatarren zenbait zati txertatuta. Alboko neoklasikoan Santa Barbara gurtzen da. |
Jaiak: abuztuaren 28a (San Joan Lepogabetua). |