Gaur egungo Aiarako udalerriak garai bateko Aiaraldearen zati bat baino ez du hartzen. Aiaraldean Amurrio, Okondo eta Artziniegaren zati bat ere sartzen dira. Eskualde hori, administrazioari zegokionez, Arabatik eta Bizkaitik bereiz zegoen. Sistema horrek 1842. urtera arte iraun zuen; orduan, erabat integratu zen Araban. |
XX. mendeko bigarren hamarkadan, hiru trikuharri megalitiko aurkitu zituzten, bi Añesen, Las Campanas izeneko ordokian, eta bestea Menoion, Oletar deritzon inguruan. Hileta monumentu horiek K.a. 2.500. urtekoak dira, gutxi gorabehera. Horrek aditzera ematen du lurraldea garai hartarako jendeztaturik zegoela. Berrikiago egin diren indusketa batzuetan, giza gorpuzkinak, harrizko aizkorak, silexezko disko zorrotzak eta bestelako gauza batzuk aurkitu dituzte; dagoeneko sailkaturik daude. Lurralde honetan autrigoien euskal tribua bizi zen. |
Ayala lehen aldiz X. mendean agertzen da aipatuta. Hori izan da izena transkribatzeko gehien erabili izan den forma, baina Aialha (XI. mendea) edo Aiala (XV. mendea) ere agertu izan dira. Udalerriaren izen ofiziala, 1997. urtetik, Aiara / Ayala da. |
Dorretxe ugari daude lurralde osoan sakabanatuta. Zuhatzan, Murgan, Olabezarren, Luiaondon, Agiñagan, eta Añesen badaude etxebizitzatarako nahiz defentsarako eraikuntzak. Bat nabarmentzen da bereziki, Kexaako aiararren oinetxea hain zuzen. Eskualde osoko historiak lotura estua du leinu horrekin, eta, nola ez, leinuaren sorlekuan monumentu multzo ikusgarria dago eraikita. |
Industria Murga herriko ingurumarietan dago bilduta, hor baitago Aiarako Industrialdea. Altzarien sektoreak indar handia du bertan. |
· Agiñaga: Altitudea: 380 m. Biztanleak: 27. Historia: Kontzeju hau Gorobelen hegalean dago. Aginaga edo Agiñigaren lehen berria Diego Lopez Lexartzuk Donemiliaga Kukulako monasterioari 1114. urtean egin zion dohaintza batean agertu zen. Agiñaga Sopeñako Kuadrillako herrietako bat zen eta Kuadrilla hori Aiaraldea osatzen zuten bost kuadrilletako bat; Zaraobeko zelaian eta mahaian biltzen ziren. 1841. urtean, Aiarako Ermandadea desegin zenean, Aginaga Aiarako udalerrian sartu zen. |
Ondarea: Andre Mari Sortzez Garbiaren eliza. Ganga barrokoak ditu, eta kapera gotiko bat. Erretaula nagusia barrokoa da. |
· Añes: Altitudea: 413 m. Biztanleak: 23. Historia: Kontzeju hau Gorobelen iparraldeko hegalean dago, Aro tontorraren azpian. IX. mendean monasterio txiki bat sortu zen, eta haren ondoan nekazari herrixka bat. Hala ere, Las Campas deritzon tokiko trikuharriak frogatzen du Paleolitoan bertan jendea bizi izan zela. Done Jakue bidearen ibilbide bat bertatik igarotzen denez, Añes eta monasterioa erreferentziazko toki izan ziren. Garai bateko San Bizente monasteriotik (Diego Porcellos kondeak San Felix Okari eman zion dohaintzan 864. urtean) ez da ezer geratu. |
Ondarea: San Bizenteren eliza. 1128. urtean sagaratu zuten. Oinplano laukizuzena du, eta XVIII. mendean berritu zuten. Ondorioz, Erdi Aroko eraikuntza desitxuratuta geratu zen, baina atean aztarna erromanikoak gorde dira. |
Jaiak: uztailean. |
· Arespalditza / Respaldiza: Altitudea: 312 m. Biztanleak: 482. Historia: Arespalditza inguruko gune historiko garrantzitsuenetariko bat da. Santa Maria eliza, antza denez, Aiarako elizarik zaharrena da, eta antzina-antzinatik han egiten zuten beren karguen zina Zaraoben hautaturiko agintariek. Eliz atarian eta inguruan egiten ziren udalaren eta errejimenduaren batzarrak. Arespalditza Aiarako familia noble zenbaiten egoitza izan zen. |
Ondarea: Leku interesgarriak. Udaletxea, 1784. urtean eraikia eta elizari atxikia; dorre bikiak ditu, eta arkuteria zabalak oinarrian. Cerrajeria jauregia: XVIII. mendekoa, eskualdeko familia itzaltsuenetariko baten oinetxea. Atxa jauregia: Aiarako estiloa deitutakoaren ereduzko eraikina. Txabarri dorrea: Zuhatzako bidean. |
Jasokundeko Andre Mariaren parrokia. 1095. urterako dokumentatua, XIII. mendeko atari erromaniko ona du. Eskuinaldean, monje baten irudia duen hilarria dago, inskripzioduna, 1167ko datarekin. Erretaula barrokoa du, XVII. mendekoa, garai bereko eskulturak dauzkana. Erdi Aroko bi hilobi daude, harrizkoak, “Santo Conde Don Vela” delakoarena bata, eta haren seme “Vela Velázquez” izenekoarena bestea; lehen Aiararrak izan ziren, XII. mendekoak. XVI. mendeko Pietatearen irudi bat dago alboko kapera batean. |
Jaiak: abuztuan. |
· Beotegi: Altitudea: 373 m. Biztanleak: 68. Historia: Menagarairekin batera, Menagarai-Beotegi Kontzejua osatzen du. Herri hau existitu baino lehen, Perea herrixka egon zen. Auzo eta baserri sakabanatu asko ditu: Agirre, Elejalde, Zaballa, Beotizaballa, Mimena, Larrinza, El Juncal eta Periko Arana. Zaballan dorrea egon zen garai batean, baina desitxuraturik eta baserri bihurturik dago gaur egun. |
Ondarea: San Mikelen parrokia eliza. Eraikuntza berria da (1918), eta erretaula nagusia nahiz alboko erretaulak modernoak dira. |
Jaiak: maiatzean. |
· Erbi: Altitudea: 299 m. Biztanleak: 9. Historia: Kontzeju hau IX. mendean aipatu zuten, Añesko monasterioarekin batera. |
Ondarea: San Joanen eliza. XVII. mendekoa da, eta erretaula modernoa dauka. Peredaren Jesu Kristo, oinaze gizona margolanaren kopia batek hartzen du toki nagusia. Elizaren ondoan dagoen Gorbearren etxea eta Oribeko zubia ere toki interesgarriak dira. |
Jaiak: maiatzean. |
· Etxegoien: Altitudea: 300 m. Biztanleak: 18. Kontzeju hau Aiarako hego-ekialdean dago. |
Ondarea: Eliza txikia, ziurrenik, Aiarako Erdi Aroko elizen eredua da. Gaur egun desagertuta dagoen San Esteban baselizan egiten zuten zin kapareek, egiaztatzeko hiru pertsonak lagunduta, Aiarako foruko ordenantzak betez. Baseliza bihurtuta dagoen San Mikel elizak kanpai horma eta San Mikelen irudi barrokoa dauzka. |
Jaiak: maiatzean. |
· Izoria: Altitudea: 254 m. Biztanleak: 160. Hitz hauekin defini daiteke Izoriako kontzejua dagoen lekua: ibaia, ordokia, bidea eta mendia. |
Ondarea: Elementu interesgarriak dira, Ibarra auzoan, aurrealdean margoak dituen etxe bat, eta San Julian eta Santa Basilisaren eliza, XVIII. mendekoa. Erretaula nagusia eta irudi neoklasikoak ditu; alboko erretaulak barrokoak dira. Zilarrezko Pilareko Ama Birjina, rococo estilokoa (XVIII. mendekoa). |
· Kexaa / Quejana: Altitudea: 340 m. Biztanleak: 44. Historia: Kontzeju hau Aiarako ibarraren erdian dago. Aiala leinua goiz agertu zen Kexaako oinetxearekin loturik. Historia dokumentalaren arabera, hastapenetako aialarrak lotuta zeuden Gaztelaren eta itsasoaren arteko komunikabideetako gune nagusiekin, eta Kexaa gune horietako bat da. |
Ondarea: Aiarako gune historiko, artistiko eta espirituala: hango baserri ederrak bigarren tokian geratzen dira monumentu multzoaren handitasuna dela medio. Hauek osatzen dute multzoa: Fernan Perez Aialak eraikitako jauregi gotortua, eliza, moja domingotarren komentua eta Adatseko Andre Mariaren dorrekapera. Don Fernanen jauregia Fernan Perez Aialak eraikiarazi zuen XIV. mendean. Multzoko osagairik zaharrena da, nahiz eta zati batean aldatu zuten XVIII. mendean. Adatseko Andre Mariaren dorre-kapera: Pero Lopez Aialak eginarazi zuen, eta XIV. mendean eraiki zuten. |
San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du eta burualdea oktogonala da. Tertzeletedun ganga ederra dauka, XVI. mendekoa. Berebiziko erretaula barrokoa dago, salomondar zutabeak eta santu-santen erliebeak dauzkana. Irudiak tamaina naturalekoak dira. |
Moja domingotarren komentua. Fernan Perez Aialak fundatu zuen 1378. urtean. Mojek mantendu zuten, XIV. mendetik, Kexaako monumentu multzo hau, eta mendeetan zehar agiritegiaren, artearen eta ondare kultural zein espiritualaren zaindari leialak izan ziren. |
Jaiak: abuztuaren 4an (San Domingo Guzman) eta urrian. |
· Llanteno: Altitudea: 200 m. Biztanleak: 125. Historia: Kontzeju hau Ibaizabal ibaiaren arroan dago. Agirietan, XI. mendean agertu zen, orduan oraindik Aiaratik kanpo zegoela. |
Ondarea: Ureta dorrea: Herrerias eta Ibaizabal ibaien artean dago, igarolekua eta bide elkargunea den ingurua zaintzen (XV. mendekoa da, ziurrenik). Zubiete dorrea: Ibaizabal ibaiaren gainean dago, izenean bertan aipatzen den zubiko joanetorria kontrolatzen. Eraberritu egin zuten XVII. mendean, eta jatorrizko zati batean desitxuraturik geratu zen. Murga-Salazar leinuaren armarria dauka. |
Done Jakue Apostoluaren parrokia. XVII. mendekoa, erretaula nagusia barrokoa da. Sortzez Garbiaren margolan interesgarria dauka alboko aldarean. |
Andre Maria Zuriaren santutegia. “Andra Mari” deritzon motako irudia dauka, XIV. mendekoa. Herri debozio handia pizten du inguruan. Erretaula nagusia barrokoa da. San Erromanen baseliza. Landatar estiloko eraikuntza. |
Jaiak: uztailean eta abuztuaren 16an (San Roke). |
· Lexartzu / Lejarzo: Altitudea: 392 m. Biztanleak: 15. Kontzeju hauek osatzen dute: dorrea, eliza eta etxe gutxi batzuk, nekazaritzako instalazioekin. Lixarzo izenaz aipatu zuten 864. urtean, Añesko monasterioaren zerbitzura zeuden tokien artean. |
Ondarea: San Erromanen eliza. Kanpandorrerik gabeko XVII. mendeko eraikuntza soila da. XV. mendeko dorrea. Era berean, “Ñudos” iturria ere interesgarria da, antzinako sineskerien lekuko baita. |
Jaiak: abenduan. |
· Luiaondo: Altitudea: 169 m. Biztanleak: 1122. Historia: Luiaondo da biztanle gehien duen kontzejua Aiarako udalerrian. Garai bateko “errege bidea” edo “Bizkaiko Jaurerriko bidea” zeritzon bidearen ondoan dago, luzetara antolatuta. Bide horren XV. mendetik aurrerako erabilera erakusten dute hainbat agirik. Dokumentu horietan ezartzen zen handik zamekin igarotzen ziren zamaltzainek zenbateko zergak ordaindu behar zituzten galtzada konpontzeko. Aduana Burgosera aldatu zen XVIII. mendearen erdialdean, eta inguruko merkataritza oparoa ezerezean geratu zen. |
Ondarea: Mallatu zuhaitzaren monumentua. Gurutze bat dago, delako zuhaitza zegoen tokia gogorarazteko. Bizkaitarrek, antzinaantzinako ohitura bati jarraituz, zuhaitz hori mugarritzat zuten, zaldun, ezkutari eta kapareek beren jauna soldatarik gabe noraino zerbitzatzen zuten markatzeko; hortik aurrera, Bizkaiko foruan ezarririko soldatak ordaindu behar zitzaizkien. |
Santa Maria Magdalenaren parrokia. XVIII. mendekoa, erretaula neoklasikoa eta Jesu Kristo barrokoa dauzka. Juan Ayala eskultorearen XVI. mendeko irudiak, sakristian. |
Herriko pertsona ospetsuak: Juan Garai (1541-1589), Argentinako Buenos Airesen fundatzailea; antza denez, Luiaondoko Aio baserrian jaio zen. |
Jaiak: uztailean. |
· Luxo / Lujo: Altitudea: 491 m. Biztanleak: 5. Kontzeju hau Peregaña mendiaren hego-ekialdeko hegalean dago, eta hango landa arkitekturagatik nabarmentzen da. Badaude kareharriz egindako eraikinak, murru, harlandu, teilatu hegal eta lauzadurak modu finean landuta dituztenak. |
Ondarea: Jasokundeko Andre Mariaren eliza. Nabe bakarreko tenplu txikia da, goialdean kanpai horma duena eta XVIII. mendean eraikia. Barruan, hilarriak, erretaula barrokoa eta “Andra Mari” deritzon motako XIV. mendeko tailu bat. |
Jaiak: abuztuan. |
· Madaria: Altitudea: 402 m. Biztanleak: 10. Historia: Kontzeju hau Ungino mendiaren hegalean dago, Gorobelen iparraldean. Historian zehar, Madaria Obaldia izenaz ezagutu izan da (864. urtea). Geroago, 1095. urtean, aiararrek Kalagorriko apezpiku Pedro Nazarekin izenpetu zuten hitzarmenean ageri da aipaturik. Madaria Sopeñako Kuadrillakoa zen. Sopeñakoa Aiaraldea osatzen zuten bost kuadrilletako bat zen; Zaraobeko zelaian eta mahaian biltzen ziren. 1841. urtean, Madaria Aiarako udalerrian sartu zen. Horrela, Obaldiako (gero Madaria) eliza Donemiliaga Kukulari loturik geratu zen, eta hango fraideek zerbitzatu zuten eliza, 1830a arte. |
Ondarea: San Klementeren eliza. Nabarmentzeko moduko kanpai horma du. |
Jaiak: azaroan. |
· Maroño: Altitudea: 368 m. Biztanleak: 33. Kontzeju hau Aiarako hiriburu den Arespalditzatik hegoaldera dago. |
Ondarea: San Pedroren parrokia eliza. XVIII. mendekoa da, eta erretaula nagusi barroko bat dauka, 1936ko gerran zati batean hondaturik geratu zena. Horrez gain, San Antonioren baseliza soila dago. |
· Menagarai: Altitudea: 300 m. Biztanleak: 156. Historia: Beotegirekin batera, Menagarai-Beotegi Kontzejua osatzen du. Kontzeju honetako etxe multzoa iparraldetik hegoaldera banatuta dago. Menagarai izena 1114. urtetik dago jasota agirietan, “Sancio Ennecoz de Menagaray” deitura patronimikoan. XVIII. mendean Aretxabala dorrea zegoen bertan eta, Arana auzoan, Txabarri dorrea. Biak ala biak desagerturik daude gaur egun. |
Ondarea: Barrokoaren aldiko landa jauregiaren tipologiarekin bat datozen oinetxe asko daude Menagarain. Mendieta jauregia nabarmendu behar da, bai eta Larrinaga jauregi desagertua eta Mendieta auzoko Llaguno jauregia ere. Horiekin batera: Aretxa jauregia, izen bereko auzoan dagoena; Villachica jauregia, Jauregin; Acebal jauregia, Iturribarrian, eta Aretxabala leinuaren jauregia, izen bereko auzoan. |
Parrokia eliza. 1746. urtean eraiki zuten, barroko aurreratuaren joeren barruan, neoklasizismoan sartzen hasirik. Horrez gain, Mendietako Kristoren baseliza eta Itzako San Nikolasen baseliza daude. |
Jaiak: ekainean. |
· Menoio: Altitudea: 466 m. Biztanleak: 36. Historia: Kontzeju hau izen bereko mendian dago kokaturik. Menoioren jurisdikzioko barrutian gizakiak egon zirela adierazten duten lehen datuak Historiaurrekoak dira, Oletarreko zelaietako trikuharria dela medio. Monumentu megalitiko hori Ka. 2.500. urtekoa da, gutxi gorabehera. Horrez gain, agirietako froga zaharrena 1114. urtekoa da; Obaldiako (Madaria) monasterioa Donemiliaga Kukulakoari dohaintzan ematean, lekuko eta fidatzaile gisa Alvar Lopez Menoio zeritzon bat agertu baitzen. |
Ondarea: Etxaurrengo baseliza eta Santa Kasilda jauregia dira eraikin nabarmenenak, erdialdean dagoen Erdi Aroko dorre batez gain. |
San Pedroren parrokia eliza. Erretaula nagusia neoklasikoa da. |
Jaiak: apirilean. |
· Murga: Altitudea: 241 m. Biztanleak: 112. Murgako kontzejua Izoria ibaiaren urertzean eta Luiandoren eta Amurrioren artean dago. Baserri sakabanatuak dauzka. |
Ondarea: Murgatarren dorrea. XVIII. urtean eraiki zuten, eta XVI. mendeko jauregi bat du inguruan. San Joanen parrokia. Dauden datuen arabera, eliza bazegoen 1095. urterako, baina gaur egungoa XVIII. mendekoa da. Erretaula modernoa du, eta hantxe dago mugatarren hilarria. |
Jaiak: ekainean. |
· Olabezar: Altitudea: 237 m. Biztanleak: 61. Historia: Kontzeju hau Izoria ibaiaren ezkerreko ertzean dago, Amurrio-Balmaseda errepidearen eta Amurrioren artean. Olabezar eta bertako San Pedroren eliza aialatarren eta Pedro Naiara apezpikuaren arteko 1095eko hitzarmen batean aipatzen dira. Zaraobeko zelaia nabarmendu behar da. Gain batean dago, horma almenadun batek inguratua, eta Aiaraldeko toki ospetsua da. Barruan, harrizko mahai eta eserleku batzuk daude, Euskal Herriko toki agurgarrienetariko baten lekukotasun biziak. Toki horretan Aiarako bost kuadrilletako agintariak biltzen ziren administrazio kontuak erabakitzeko: politika, legeak, justizia, gobernua eta hauteskundeak. |
Ondarea: San Pedroren eliza. 1863. urtean berreraiki zuten. Ganga barrokoak gorde ditu. Eliz ataria landa estilokoa da eta erretaula nagusia modernoa. Burualdea, poligonala. |
San Babilasen baseliza. XIX. mendekoa da, eta bertan gurtzen da San Babilas, amaginarreben zaindaria. |
Jaiak: urtarrilaren 24an (San Babilas). |
· Opellora / Costera: Altitudea: 340 m. Biztanleak: 28. Kontzeju hau lau auzo txikitan banaturik dago. |
Ondarea: Erdi Aroko aztarnak gordetzen dira: arku zorrotzeko ate bat eta leiho bat, bai eta erramu arbola zahar bat ere, Txabarriko dorrearen kokalekua, ziurrenik, Ibaizabaleko zubia, benta eta errota (1372. urtean dokumentatua) kontrolatzeko. |
San Mikelen baseliza. Opellorako San Mikelen parrokia zegoen toki berean dago, goragune batean. XX. mendearen erdialdeko landatar eraikina da. |
Jaiak: irailean. |
· Ozeka: Altitudea: 421 m. Biztanleak: 12. Kontzeju hau Izalde ibaiaren arroan dago. |
Ondarea: Peregainako herrixka: Burdin Arokoa da, eta harresi barruaren aztarnak geratu dira; Pozoportilloko benta: baserri tipikoa da; eta Santa Eufemia eliza: erretaula nagusia barrokoa da. |
Jaiak: urrian. |
· Retes de Llanteno: Altitudea: 222 m. Biztanleak: 70. Kontzeju hau Llantenoko ibarreko hegoko muturrean dago. |
Ondarea: Palomar dorrea: zubiko igarobidearen ondoan. Hiru irin errota: Cubo, Rueda eta Molintxin. Menoio etxe armarriduna ere interesgarria da (“Reteuso” auzoa), bai eta Palomar dorrea eta Revilla etxea ere, XVIII. mendeko presa batekin batera. |
San Andresen eliza. XVIII. mendekoa da, eta erretaula barrokoak ditu. Arrosarioko Ama Birjinaren tailu erromanista ederra dago bertan, XVI. mendekoa. Eliz atarian kontzejuko bilkurak egiteko erabiltzen ziren harrizko mahai eta eserlekuak gordetzen dira. |
Jaiak: uztailean. |
· Salmanton: Altitudea: 429 m. Biztanleak: 32. Kontzeju hau lautada baten amaieran dago, Gorobelen oinean. |
Ondarea: Santa Marina parrokia. XVII. mendearen amaieran edo XVIII.aren hasieran eraiki zuten. Erretaula nagusia barrokoa da, eta urreztatu ona du, bai eta polikromia ederra ere. |
Jaiak: uztailean. |
·Soxo / Sojo: Altitudea: 404 m. Biztanleak: 48. Historia: Kontzeju hau Burgosko Mena Haranarekiko mugan dago. Erdi Aroan, eskualdeko herri garrantzitsuenetariko bat izan zen, eta hango bandokide, gerlari eta pertsonaia nobleen jatorri izan ziren bertako gotorleku-eliza handia eta Oribe-Salazar, Orbilla, Sobrevilla eta La Quintana dorreak. Orbilla auzoan XV. mendeko dorre bat egon zen XX. mendera arte; hondakin batzuk gorde dira. Oribe-Salazar eta Sobrevilla dorreen hondakinak ere geratzen dira. |
Ondarea: San Julianen eliza. Aurretik zegoen tenplu erromanikoaren gainean eraiki zuten, sartzeko atea gordeta. XVII. mendean eraiki zen tenplu handitik eskuineko albo nabea baino ez da geratzen; beste biak eraitsi egin zituzten, lurreratzeko zorian zeudelako. Erretaula nagusia rococoa da, XVIII. mendekoa, eta Oribe-Salazar leinuaren armarriak dituzten hilarriak daude. |
Jaiak: abuztuaren 31 (San Roke). |
· Zuhatza / Zuaza: Altitudea: 247 m. Biztanleak: 120. Historia: Zuhatzako kontzejua Izalde ibaiaren ibarrean dago gerizaturik, Zerrabe, Cadahalso eta Negorta dorreak babesle dituela; hainbat kapareren eta hainbat burdinola eta errota jaberen oinetxeak dira. |
Ondarea: Cadahalso dorretxe gotortua: XIV. mendekoa, gaur egun baserria da; Negorta dorrea: Aiarako dorretxeen artean tipikoenetariko bat da. |
Santa Marinaren parrokia. XVIII. mendeko eraikina da, eta erretaula nagusi barrokoa du. Ohol gaineko margolan bat dago (XVI. mendekoa) Arrosarioko erretaulan, Kandelarioko Ama Birjinarekin; estilo flandestarreko XV. mendeko tailua. |
Mugaolako Kristoren baseliza. Landatar eraikuntza tipikoa da. Zurezko teilatu eta hesiak dauzka, bai eta erretaula churrigueresco bat ere. Domingo Abad Bilachicak fundatu zuen 1620. urtean. |
Jaiak: uztailean. |