· Acebedo: Altitudea: 740 m. Biztanleak: 9. Kontzeju hau sakonune gorabeheratsu batean dago, Gasteiz-Boveda errepidearen adar ugarietako batean. |
Ondarea: San Joan Ebanjelariaren eliza. Abside erdizirkularra eta dorre karratua du. Erretaula nagusia rococoa da. |
Jaiak: irailean. |
· Astulez: Altitudea: 660 m. Biztanleak: 8. Historia: Herri hau bazter pintoresko batean dago, tontor garai izugarriek inguratuta. Haitzetako erpin bat aukeratu zuten Goi Erdi Aroan (X. mendea) gaztelu bat jartzeko, Gaubeako alde horretan nahiz itsasoranzko bidean aterpe, defentsa eta zaintza toki izan zedin. Burdin Aroan bazegoen han kokaleku bat. Gesaltza Añanako hiribilduari erantsi zitzaion 1290. urtean, Antso. IV. aren pribilegio baten bidez, 1481. urtean bereizi zen arte. Hijarreko Jaurerrikoa izan zen. |
Ondarea: San Millanen parrokia eliza. Oso antzinako estilo erromanikokoa da, eta oinplano laukizuzena du. Abside biribilak leihate ederra dauka. Erretaula nagusia barrokoa da. |
· Bachicabo: Altitudea: 653 m. Biztanleak: 45. Historia: Kontzeju hau izen bereko haitz eskergaren oinean dago. Garrantzi handia du Arabaren Goi Erdi Aroko historian, eta 1028an idatzitako agiri batzuetan San Martinen eliza, tenplu edo monasterioa aipatzen da. Valliocabo gisa ageri da 1012. urtean; geroago, 1028.an, Baliocabo gisa, eta 1176. urtean Baliococo zen. |
Ondarea: San Martinen parrokia eliza. Errenazimentuko ataria du, erromanikoko lan batzuk gorderik. Erretaula nagusia barrokoa da, eta koru txiki bat dauka. |
Jaiak: azaroaren 11n, (San Martin). |
· Barrio: Altitudea: 701 m. Biztanleak: 25. Historia: Kontzeju hau haitzen arteko bazter pintoreskoan dago. Haitz horietako batean, Berbeia haitzean, Erdi Aroko gaztelua eta herrixka egon ziren garai batean. Dirudienez, Brontze Aroko azken aldiko herrixka bat egon zen han kokaturik. Litekeena da, historiaurreko herrixka bat egotea Los Castros deritzon gainean. |
Ondarea: Andre Mariaren parrokia eliza. Nabe bakarra du. Eliz atariaren gainean kanpaiei dagokien gorputza dago, eta horren gainean, erlojuak jasotzeko gorputza. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta alboko kaperak eta gangak, gotikoak. |
Mellerako Andre Mariaren baseliza. Mendi lepo baten behealdean dago, Karabo haitzaren eta baselizaren izen bera duen haitzaren artean. Kapera txiki bat da, Ama Birjinaren XVII. mendeko erretaula bat duena. Ama Birjinaren tailua XIII. mendekoa da. |
Jaiak: irailaren 8an, (Andre Mariaren Jaiotza). |
· Basabe: Altitudea: 690 m. Biztanleak: 17. Historia: Kontzeju honen jatorria Komunioiko antzinako San Martinen monasterioa da. |
Ondarea: Salbatzailearen parrokia eliza. Aztarna ugari gordetzen du bere jatorri erromanikotik: harburuak, teilatuko lauzak, ataria eta ganga. Elizaren oinean dorre gotor eta landugabea dago, agerian dituela armarri zatitua, bi azeri lotu eta bost lis lore, Zorrilla eta Artze familien arteko loturaren erakusgarri. |
Jaiak: urriko lehen igandean eta uztailean. |
· Bellojin: Altitudea: 627 m. Biztanleak: 5. Historia: Villamaderneko herri hau terraza baten gainean dago. Kokalekua, batzuen aburuz, antzinako Belegia izan zen. |
Ondarea: San Kornelio parrokia eliza. Antzina-antzinako erromanikoko ale ederra da. Abside erdizirkularra du, eta motibo zoomorfo nahiz antropomorfoekin landutako harburuak dauzka, bai eta atari ederra ere. Dorrea tenpluaren oinaldean dago, eta dorrearen goiko gorputzean kanpaiak daude. Dorreak txikia baina ederra den tenplu erromaniko honen silueta nabarmenarazten du. Erretaula nagusia neoklasikoa da, eta aipatzeko moduko kapitel apainduak dauzka. |
· Boveda: Altitudea: 691 m. Biztanleak: 83. Historia: Kontzeju hau Gaubeako mendebaldeko muturrean dago, Omecillo ibaiaren ertzean. Historiaurrean tokian bizi izan ziren pertsonen lekuko, zutik dirau Ribotako trikuharriak. Jada 1175ko agiri batean agertu zen haren izena. |
Ondarea: San Bizenteren parrokia eliza. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta egitura barrokoa. Fabrika barrokoa da. Erretaula nagusia, neoklasikoa; erliebe interesgarriak dituen tabernakulu ona dauka, erretaula baino lehenagokoa. |
Jaiak: maiatzean, Igokundearen inguruan. |
· Caranca: Altitudea: 600 m. Biztanleak: 14. Historia: Caranca-Mioma kontzejuko herri hau Tumecillo ibaiaren gainean dago. Burdin Aroko aztarnak aurkitu dituzte inguruan. Lalastrako herrixka gotortua nabarmendu behar da. Mendeetan zehar hainbat herri kokatu ziren bertan, Erdi Aroko aldi ilunera arte. Caranka gisa ageri da 1028ko agiri batean. |
Ondarea: San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du, eta jatorrizko eraikuntza erromanikoaren aztarna batzuk gorde ditu. |
Jaiak: ekainaren 24an. |