· Bastida / Labastida: Altitudea: 549 m. Biztanleak: 1400. Historia: Udalerriko hiriburua da, eta hango ekonomia lehen sektorean oinarritzen da ia erabat, zehazki, mahastizaintza eta ardogintza garrantzitsu batean; turismoan ere badu. |
Bastidako lurretako lehen biztanleak Neolitokoak izan ziren. Ordukoak dira inguruetatik komunitate nomadaren bat igaro zela adierazten duten animalia hondar gutxi batzuk eta gubil eta harri ezpal zenbait. Erromatarren garaian, Bastidako lurretatik erromatar galtzada bat igarotzen zen, Briviescatik Iruñera zihoana. Goi Erdi Aroko nekropoliak ere badaude haitz garaietan eta ibaierreketatik hurbil. Garai hartan hiria gune militar garrantzitsua izan zen. Horren erakusgarri da garai batean Tolonio deitu zitzaion eta gaur egun Toloño den mendiaren gaineko gotorleku zaharra. Herria gaztelu horren azpian hazi zen, eta hiribildu gisa XII. mendetik XIV. mendera bitartean fundatu zuten Nafarroako monarkiaren eskutik. Antso Jakitunak fundatu zuen tenplu-gotorlekua, gaur egun Kristo Santuaren baseliza dena. Nafarroako monarken babespean jarraitu zuen XIII. mendera arte, eta 1200 inguruan Gaztelaren mende geratu zen. Fernando III. ak Bastidako forua eman zuen 1242. urtean. Bastidak urrezko aroa izan zuen XVII. mendetik XVIII. mendera bitartean; ekonomia asko garatu zen, eta herriak eraikuntza eta azpiegiturak hobetu zituen. Parrokia eliza 1602. urtean inauguratu zuten. XVIII. mendean ere jarraitu zuen oparoaldiak. Hala ere, mendearen amaieran gainbehera hasi zen, Frantziako Iraultzaren aurkako gatazkaren eraginez. Gainbehera XIX. mendera ere luzatu zen. XX. mendean suspertu ahal izan zen, turismoak gora egin zuenean eta nekazaritzara aurrerapen berriak iritsi zirenean. |
Ondarea: Bastidako monumentuen artean hauek nabarmendu behar dira: Udaletxea, barroko berantiarrekoa. Kale Nagusia: jauretxe eta jauregitxo ugari, armarri zizelkatuak, atalase zabalak eta oinetxeak. Toloñoko arkua: hiribilduan iparraldetik sartzeko atea izan zen, harresia zeharkatuz. Larrazuriko arkua: estilo errenazentistako tenplu txiki bat dago bi hormatxo sendoren gainean, erdi-puntuko arku zabal bat tartean hartzen dutela eta harrizko troxa zabal bati eusten diotela. |
Jasokundeko Andre Mariaren parrokia eliza. XVI. mendean ekin zioten eliza eraikitzeari; zatirik handiena XVII. mendean egin zuten, eta XVIII.ean amaitu; horregatik esan dezakegu estilo barrokoan sartzen dela. Tenplua apaintzen duten tailu oparo eta margolanez gain, XVIII. mendeko organo bat ere gorde du, Euskal Herriko garrantzitsuena. |
Kristo Santuaren baseliza. Erdi Aroko baseliza hau XII. mendean hasi ziren egiten, estilo erromanikoan, eta bigarren atala gotikoa du. Santa Luziaren baseliza. Ebroren urertzean dago. San Ginesen baseliza. Toloño mendiaren hegalean dago, izen bereko parkean eta Bastidako herritik kilometro batzuetara. |
Jaiak: Erlikien jaiak Cardenako Martiri Santuen ohoretan egiten dira, abuztuko lehen igandean, 6tik 12ra bitartean. |
· Gatzaga Buradon / Salinillas de Buradon: Altitudea: 504 m. Biztanleak: 106. Historia: Bastidako udalerriko kontzeju bat da. Izena ematen dion gatz iturburuak aberastasun handia ekarri zion aspaldiko hiribildu honi. Gaztelako Antso IV.ak fundatu zuen 1264. urtean. Done Jakue bidearen adarretako bat hartzen du, Gipuzkoatik Santo Domingo de la Calzadara zihoana. Hainbat mendetan, Gaztelako Erresumaren eta Nafarroako Erresumarenartekomugakogotorlekua izan zen. Geroago, Koroaren hiribildu izateari utzi, eta jaun baten eskuetara igaro zen. Hiribilduak judutegi bat izan zuen, harik eta 1492. urtean kanporatu zituzten arte. Mendeak igaro ahala, herria garrantzia galtzen joan zen eta, horrenbestez, 1970ko hamarkadaren amaieran, ondoan zeukan Bastidako udalerrian sartu zen. |
Ondarea: Hirigune historikoan Erdi Aroko harresia dago, 1264an hiribildua fundatu zen garaikoa. Sarmiento, Aiala eta Gebararren dorrea eta Oñatiko kondeen jauregia, elizaren dorrea inguratzen duena. Kale Nagusia: eraikuntza oneko zenbait etxe armarridun daude. |
Andre Mari Sortzez Garbiaren parrokia eliza. Erretaula nagusiaren estiloa barroko frantsesa da. Juana Acuña Enriquesen hilobia du barruan, Gebara leinuaren armarriarekin; beste aldean, Pedro Velez Gebara senarraren hilobia dago (XVI. mendea), Acuña leinuaren armarriarekin. Dorrea XVII. mendekoa da. |
Horrez gain, bi baseliza ere badaude: San Josefen baseliza, Las Carreras izeneko lekuan, eta San Mikelen baseliza, izen bereko auzoan. |
Jaiak: abuztuaren 29an, herriko zaindari den San Joan Lepogabetuaren ohoretan. |