Inguruan zenbait aztarnategi arkeologiko ere badaude, urtegiaren ertzean, Historiaurrean gizakia bertan bizi izan zen erakusgarri. Behe Paleolitokoak dira Kargaleku eta Belaustegi, eta Eneolito-Brontzekoa Saldarroa. |
Elosu, Goiain, Nafarrate, Urbina eta Urrunaga X. mendeko Donemiliaga Kukulako Rejan aipatzen dira; Legutio ez, ordea. Legutioren lehen berria Alfontso Gaztelako Erregearen 1333ko hiri-gutunean dago idatziz jasota. Alfontso XI.ak erregehiribildu titulua eman zion. Enrique II.ak eman zien hiriaren agintea Abendañotarrei, eta Juan Abendaño izan zen lehen jauna. Abendañotarrek Legution eraiki zuten dorretxea eta handik hartu zuten parte bandoen gerretan. |
Legutio leku estrategikoan zegoen, Arabako Lautada Arratiako, Durangaldeko eta Debagoieneko haranekin lotzen zuten mendateen oinean. Hori dela eta, zenbait gerratan bataila handien eszenatoki izan da. Lehenak karlistaldietan gertatu ziren. Leku irrikatua izan zen, Gasteizko giltza jotzen baitzen. 1936ko gerran Legutioko bataila borrokatu zen, azaroaren 30aren eta abenduaren 24aren artean. |
· Elosu: Altitudea: 586 m. Biztanleak: 91. |
Historia: Kontzeju hau Santa Garazi ibaiaren eskuinean dago. Urtegi ertzean topatutako aurkikuntza arkeologikoek adierazten dutenez, Behe Paleolitoraino irits daitezkeen historiaurreko garaietan egonleku bat egon zen bertan. 1025ean agertzen da lehen aldiz agirietan, Elhosu izenaz, eta gero Elosua, Helossua eta Losu izenez. 1333an erantsi zitzaion Legutiori. Elosun dago Uralde mendia, eta uste da bertan zegoela Rodrigo artzapezpikuak Assua izenez aipatu zuen gotorlekua, Alfontso VIII.ak 1200ean konkistatu zuena. |
Ondarea: San Mikelen parrokia eliza 1936ko gerraren ondoren berreraiki zuten, eta jatorrizko eraikinetik osagai batzuk baino ez dira gorde, hala nola ataria. |
Jaiak: azaroaren 29a, San Mikel eguna. |
· Goiain: Altitudea: 617 m. Biztanleak: 21. |
Historia: Kontzeju hau Cohagan izenez agertzen da 952ko agiri batean; Goiahen 1025ean; Goiain 1333an; eta Goaxain XVIII. mendean. Alfontso XI.ak Legutio hiribilduari erantsitako sei herrietako bat izan zen. |
Ondarea: Santa Anaren parrokia eliza erromanikoa da eta nahiko hondatuta dago; oinplano angeluzuzena; erretaula nagusia, estilo barrokokoa. |
· Legutio: Altitudea: 575 m. Biztanleak: 1266. |
Historia: Udalerriko hiriburua da. Herriaren fundazio gutunean, 1333an, historian izan dituen bi izenak agertzen dira: Legutiano eta Villareal de Alava. 1980an udalak udalerriaren izen ofizial Legutiano hartzea erabaki zuen. |
Ondarea: San Blasen parrokia eliza oinplano angeluzuzenekoa da, eta Soxo / Sojoko herritik ekarritako erretaula churriguereskoa dauka. Alboetan bi erretaula dauzka, bata Arrosarioko Ama Birjinaren omenezkoa. Elizpea estalia da. |
Legutio inguruan zenbait baseliza daude: Mariaka edo Marixekarena aurrekoa gogoratuz eraiki zuten, eta San Kristobalenak elizpe bitxia dauka. |
Jaiak: otsailaren 3an, San Blas egunean. |
Kofradien jaiak: Ama Birjinaren Jaiotzaren (irailaren 8a) ondorengo igandea. |
· Nafarrate: Altitudea: 600 m. Biztanleak: 13. |
Historia: Herri hau Naffarrate izenaz agertzen da 1025eko agirietan; Nafarrate 1294an eta Nafarrete 1602an. Alfontso XI.a Gaztelakoak 1333an Legutio hiriari erantsi zizkion sei lekuetako bat izan zen. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen antzinako parrokia eliza egun eraitsita dago. XIX. mendean desagertu zen San Joanen baseliza, Menea herri hustuko parrokia izan zena. |
· Ollerieta / Ollerias: Altitudea: 550 m. Biztanleak: 33. Elosuko kontzejuko herria. |
· Urbina: Altitudea: 529 m. Biztanleak: 125. |
Historia: Kontzeju hau Urbina izenaz agertzen da 952ko agiri batean. Alfontso XI.ak Legutio hiriari erantsi zizkion 6 herrietako bat izan zen. Legutioko Ermandadeko lekua. Ermandade hori 3 kuadrillatan zegoen bananduta, eta Urbinak horietako bat osatzen zuen Goiain eta Elosurekin batera. |
Ondarea: San Antolinen parrokia eliza harlangaitzez dago eraikita; oinplano karratuko dorrea, garai batean kanpai horma soil bat baino ez zegoen lekuan. |
Santa Luziaren baseliza harlangaitzezkoa da, Urrunagak eta Urbinak partekatzen dute. |
Jaiak: irailaren 2a, San Antolin. |
· Urrunaga: Altitudea: 529 m. Biztanleak: 96. |
Historia: Kontzeju hau Legutiotik hego-mendebaldera dago. Inguruan, Kargaleku eta Belaustegi bazterretan, Behe Paleolitoaren azken aldeko (Achelense) alde biko harkosko landuak aurkitu dira, baita Eneolitotik Brontzerako zenbait harri aztarna (silexa, lauzak, xaflak eta arraspak) eta leundura ere. 952ko agiri batean Urna izenez agertzen da; Hurnaga 1025ean; Gurrunaga 1257an; eta Hurnaga 1294an. Legutioko Ermandadeko lekua da. |
Ondarea: San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza Erromanikotik Gotikorako eraikina da eta geroagoko zenbait eraberritze dauzka, harlangaitzez. Nabe bakarreko oinplano angeluzuzenekoa da eta atari ona dauka. Erretaula nagusia rococoa da eta alboetako erretaulak barrokoak. |
Jaiak: abuztuaren 24a. |