Amurriok oso berandu eskuratu zuen hiribildu titulua, 1919an; udalerria eratzea ere ez zuen urte asko lehenago lortu: 1842an, Aiarako Udaletik bereizirik. Datu batzuen arabera, Amurrio, ordurarte, auzune txiki bat izan zen; San Antonen baseliza eta Landako auzoa dauden muinoaren inguruan zegoen. |
Erromatarrek Aiaraldea karistiarren eta autrigoien artean kokatzen zuten. Badaude erromatarren aztarnak Alorian, Delikan eta Artomañan, bai eta Amurrion bertan ere. Geroago, XI. mendetik XII. mendera bitartean, lurraldea Nafarroako Erresumaren barruan ageri da. Hala, bada, 1040. urtean Gartzea V.a Naiararen mende ageri zen Ugarte, eta tokiko lehen jaunak, jatorriz, Nafarroako Koroako buruzagi militarrak izan ziren. |
Gurdizainak eta oinezkoak joan-etorrian ibiltzen ziren igarobideak babesteko, dorreak eraiki zituzten Mendixur, Saerin eta Mariakan. Geroago, Altube jaitsi eta Nerbioi ibaia zeharkatu ostean Artziniegatik igaro eta itsasorantz egiten duen bidearen ondoan, Landakon, Ugarte-Mariaka leinuaren dorretxea eraiki zuten. Landako auzo hori, denborarekin, nagusituz joan zen, han baitaude San Antonen baseliza eta Armuruko zelaia, kontzeju hauen batzarrak egiten ziren tokia: Amurrio, Larrinbe, Derendano (Saratxo), Etxegoien eta Olabezar. 1463. urtean Amurrio Arabako Ermandadeetan sartu zen, bere usadio eta ohiturei eutsita eta, Aiaraldekoak izanik (Pero Lopez Aialak 1373an fundaturiko maiorazkoa) kapareak zirenez, erregearen armadetan zerbitzatzetik salbuetsita. |
Dirudienez, XVI. mendean nolabaiteko oparotasuna izan zuten herritarrek, tenplua handitu eta egun duen tamaina eman ahal izan zioten-eta. 1570. urteko Baso Ordenantza batzuk ere badaude: horietan arautzen zen Armuruko zelaian biltzen ziren bost kontzejuetako basoen ustiaketa, eta horrek agerian uzten du garai hartarako basoak zuen garrantzia. |
Larritasun eta kezkaz beteriko garaia hasi zen XIX. mendearekin batera. Izan ere, ibar horietako biztanleek frantses soldaduen harrapaketa eta harropuzkeria jasan behar izan zituzten. Horren aztarna da “Bonaparte” baserria, garai hartan Mendixurreko dorretxea zegoen tokiaren ondoan; han egin zuten bilera, 1813. urtean, Gasteizko bataila prestatzeko. |
Frantsesen aurkako gerratik bere onera etorri baino lehen, Amurrio gerra karlisten gertaleku nagusi izan zen. Behin baino gehiagotan izan zen bertan Don Karlos (1835. urtean Amurrion jarri zuen kuartel nagusia). |
Industria aroarekin, urregintza eta likoregintzako lantegi txiki batzuek eta trenbide eta balbulagintza industriak baserriaren ekonomia ahulari lagundu zioten; erabateko iraultza altzairu industriak ekarri zuen, eskaintzen zituen aukerek beste toki batzuetako jendea erakarri baitzuten. |
· Aloria: Altitudea: 380 m. Biztanleak: 28. |
Historia: Aloriako kontzeju hau Arrastariako ibarreko lau herrietako bat da. Aloriako parrokia 1257rako existitzen zen, urte hartan Urduñako artzapez barrutiaren eta Arabako artxidiakono barrutiaren barruan zegoen aipamena baitago. Alorian bazegoen kapare kofradia bat toki batzuetan “San Domingo eta San Iñigo” eta beste batzuetan “San Joan Aloria“ zeritzona. |
Ondarea: San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta hiru kanpaiko horma du. |
Jaiak: abuztuaren 29an, San Joan Lepogabetuaren ohoretan. |
· Amurrio: Altitudea: 215 m. Biztanleak: 8857. |
Historia: Amurrion dago udalerriko udala, eta auzo hauek dauzka: Aldai, Aldaiturriaga, Etxegoien, Landako, Landaburu, Elexondo, Mendiko eta Zabaleko. Alfontso XIII.ak hiribildu titulua eman zion 1919. urtean, Luis Urquijo Amurrioko markes eta hiribilduaren Gorteetako diputatuak eskatuta. Armada karlistaren kuartel nagusia bertan egon zen 1837. urtean. Amurrio eta Arespalditza artean dago Zaraobeko zelaia; toki horretan biltzen ziren Arabako kantaurialdeko ibarreko moderadoreak. Gaur egun esparru karratu bat da, eta sartzeko atean Aiala etxearen armarria dauka, bai eta toki historikoa gogorarazten duen testu bat ere. |
Ondarea: Hauek nabarmentzen dira: Juan Urrutiari eskainitako monumentua: industria ingeniaria zen. Ugarte-Mariaka jauretxea: armarriak ditu fatxada arkupedunean. Eta Gabriel Maria Ibarrari eskainitako monumentua: adingabeen berreziketaren sustatzailea izan zen. |
Andre Mariaren Jasokundearen eliza. Hiru gorputzeko erretaula nagusia dauka, XVI. mendekoa. Hegoaldean XIII. mendeko ataria du, bai eta balaustrada jarraituko nabarmentzeko moduko dorre bat ere, Aiarako dorreen erakoa. |
Armuruko San Antonen baseliza. Tradizio handiko enkantea egiten da han. Inauterietan, oilar beltz bat harahona eramaten dute haurrek, eta hil egiten dute, Garizuma aurreko tentaldi eta harrokeriaren sinbolo gisa. |
Herriko pertsona ospetsuak: Martin Perez Ayala (1504-1566) Valentziako apezpikua izan zen, eta Trentoko Kontziliora joan zen; Juan Antonio Mariaka Muxika Ayalako estatuaren gobernadore nagusia izan zen 1710. urtean; Antonio Ugarte Filipe V.aren idazkaria izan zen; eta Juan Urrutia Zuluetak Hidroelectrica Española sortu zuen. |
Jaiak: abuztuaren 15ean (Andre Mariaren Jasokundea) eta urtarrilaren 17an. |
· Artomaña: Altitudea: 325 m. Biztanleak: 79. |
Historia: Kontzeju hau Bizkaiko Urduña enklabetik ekialdera dago. Karlos I.aren aurka altxatu zenean, Pedro Lopez Aiala Aguraingo kondea Artomañan geratu zen egun batzuetan, Duranan garaitua izan baino lehen. Urduña, Urkabustaiz, Zuia eta Kuartango arteko bidegurutzean egonik, gune estrategikoa izan zen lehen karlistaldian; batez ere “Untzagako Ekintza” delakoarengatik nabarmendu zen. |
Ondarea: Erdi Aroko dorre bat gorde da, XIV. mendetik XV. mendera bitartekoa. Artomañako San Jurgiren parrokia 1257rako existitzen zen, eta Urduñako artzapez barrutikoa eta Arabako artxidiakono barrutikoa zen. Erretaula nagusia churriguereskoa da. |
· Baranbio: Altitudea: 269 m. Biztanleak: 171. Kontzeju hau herri lineal tipiko baten modukoa da, Gasteiztik Bilbora doan ibaiertzeko mandabide baten albo bietan kokatua. Araba eta Bizkaia arteko komunikabideetan zuen tokiagatik eta berun meatokien interesa zela medio, herria eta inguruak gune estrategiko izan ziren karlistaldietan. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Arku bakarreko eliz ataria eta Errenazimentuko erretaula nagusia dauzka. |
Garrastatxuko santutegia. Ia seiehun metro garai den mendixka batean dago, Baranbioko hirigunetik hego-ekialdera. |
Jaiak: irailean. |
· Delika: Altitudea: 341 m. Biztanleak: 165. |
Historia: Kontzeju hau Aznar apezpikuaren 1257ko gutunean ageri da aipatuta, Odelica gisa. Delikak Arrastariako gainerako elizen gainean zuen nagusitasuna geroagoko mendeetan jasotzen da. 1380. urtean Fernan Perez Aiala, dagoeneko fraide domingotarra zela, Delikara joan zen ibarreko bizilagunen foruen zina egitera eta lurraldeaz jabetzera. |
Ondarea: Santa Mariaren parrokia eliza. Tenplu nabarmena da fabrikari dagokionez: ganga gotikoak, erretaula nagusi barrokoa, alboko erretaula ona, hiru kapera eta atari erromanikoa. |
Jaiak: entradilletan parte hartzen du maiatzaren 9an. |
· Larrinbe: Altitudea: 305 m. Biztanleak: 268. |
Historia: Kontzeju honetako elizaren gaineko lehen berriak Behe Erdi Arokoak dira, XIV. mendearen lehen erdikoak. Mende bat geroago agertzen da hurrena Larrinbeko elizaren aipua, bando gerren harira. Parrokiako liburuetan jasota dago frantses soldaduak herritik igaro zirela 1808ko azaroan. |
Ondarea: Done Jakueren parrokia eliza. Tenplua 1881. urtean zaharberritu zuten. Erretaula nagusia barrokoa da. |
· Lekamaña: Altitudea: 420 m. Biztanleak: 35. Kontzeju txiki hau Garate mendiaren oinean eta Nerbioi ibaia Saratxotik igarotzen den lekutik gertu dago, Urduñatik Lezamarako antzinako bide batean. |
Ondarea: San Mikelen parrokia eliza. Erretaula nagusia neoklasikoa da. |
· Lezama: Altitudea: 352 m. Biztanleak: 266. |
Historia: Kontzeju honek Aiara ekialdeko eremu zabal bat hartzen du, biztanleria sakabanatuarekin. Lezama gertaleku garrantzitsua izan zen karlistaldietan. |
Ondarea: Larrako jauregia. Ugartetarren dorrea ere deitzen diote, eta Juan Ugartek eraikiarazi zuen. San Martinen eliza. Fabrika erromaniko baten gainean eraikia da, eta barrokoan zaharberritu zuten. Ate erromanikoa gorde du. Erretaula nagusia barrokoa da, eta eskultura gotikoak dauzka. Ama Birjinaren XIII. mendeko irudi erromanikoa. |
· Saratxo: Altitudea: 360 m. Biztanleak: 104. |
Historia: Kontzeju hau Derendano deitu zen Erdi Aroan, eta gaur egun herriko auzoetako baten izena da hori. Saratxo izenaz 1554ko agiri batean ageri da. Biztanleak zazpi auzotan banaturik zeuden, XVIII. mendearen bukaeran dokumentatu denez. Auzo hauek aipatzen dira: Aretxaga eta Retezeta, eskuinaldean, Bizkaiko bidea igarotzen zen tokian; Derendano, Retaburu, Mendiguren, Landaverde eta Carduras ezkerraldean. |
Ondarea: Derendanoko eliza. Aiarako eliza zaharrenetariko bat da. Eliza bazegoen 1095rako; hain zuzen, garai hartan Aiarak hitzarmena egin zuen Kalagorriko apezpikuarekin, bertako elizek jasotzen zituzten hamarren eta fruituen inguruan. |
Bariko San Nikolasen eliza. 1936ko gerran erre egin zuten; gero, 1941ean, haizeteak bota zituen gangak. Erretaula nagusia barrokoa da eta kanpai hormak harlanduzko kupula du; irudiak ere garai berekoak dira. |
· Tertanga: Altitudea: 346 m. Biztanleak: 82. |
Historia: Kontzeju hau XI. eta XII. mendeetarako ageri da zenbait agiritan, Lope Sanchez aitoren semeak Donemiliaga Kukulako monasterioari Langraizko Done Jakue monasterioa eskaini zionean, Urduñako herrian zeuzkan sagastiekin batera. Iñigo Lopez Laudiok, Lope Sanchezen semeak, 1124. urtean handitu egin zuen aitak Donemiliaga Kukulako monasterioari egin zion dohaintza. Tertangako parrokia Jeronimo Aznar apezpikuaren 1257ko gutun batean ere ageri da. |
Ondarea: San Kristobalen eliza. Kupuladuna da, eta gurutzeko nabea du. Eliz ataria hiru arkukoa da, 1762koa. Erretaula nagusia, XVIII. mendearen amaierakoa. |
Jaiak: entradilletan parte hartzen du maiatzaren 9an. |