Aramaio udalerria. Azalera: 73,27 Km². Biztanleak: 1542. |
Aramaioko harana Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia artean dago. Bederatzi elizatek edo auzok osatzen dute. Ibarra da herriko hiriburua. Iparraldean, Abadiño eta Atxondorekin egiten du muga; ekialdean, Arrasate, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga eta Legutiorekin; mendebaldean, Otxandiorekin. Antzinatik, Aramaio artzainen ingurua izan da, eta egun sektorea indartzeko ahaleginean dihardu. |
Bertako seme ospetsuen artean aipatzekoak dira: Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759), euskaraz idatzi den antzezlanik zaharrenaren egilea; eta Aita Gabriel Jauregi Uribarren (1895-1945), euskaraz Fisika eta Kimikari buruz idatzi den lehen liburuaren egilea. |
Historiaurreko lehen aurkikuntza zezenaren aurreko “uro” baten adarra izan zen. Uste denez, 100.000 urte inguru dauzka. Brontze Aroko trikuharriak ere topatu dituzte Aramaion: bata Anbotosten eta bestea Ollargainen. |
X. mendearen azken aldeko hilobi kristauen aztarnak agertu dira Letasurreko baseliza dagoen muinoan. XII. mende hasierarako, herriak haranen hondoetan finkatzen hasi ziren. Erdi Aroan elizate berriak sortu ziren eta, historian sartzen direnean, Aramaioko Kontzejuan batuta agertzen dira. Ibarra auzoa haranaren erdian dago, eta burdinoletako langileek eraiki zuten. Aramaio historian sartu zenean, Barajuengo jaunaren mendean zegoen. Haraneko lurrak udalerriarenak ziren, baina haranetik kanpo geratzen zen oro jaunarena zen. Torralden (Barajuen) zegoen Aramaioko jaunaren gaztelua. Erdi Aroko bando gerretan oinaztarrek agintzen zuten Aramaion, eta hori tragikoa izan zen herriarentzat. Egoera horri ihes egiteko, 1489an herria Arabako Ermandadeetan sartu zen, baina foruak galdu gabe. |
XIV-XV. mendeen artean osatu zen egun “kalea” esaten zaiona; garai hartan sortu ziren burdinolak eta gaur egun arte iraun duten hiru kaleak: Nardeaga, Ibargoia eta Matxinkale. Horrela jarraitu zuten XIX. mendea arte, burdina lantzen. Ibarreko sutegiek ikatz asko behar zuten, baita Otxandioko torloju industriak ere. Aramaioko mendietan egur asko zegoen eta, beraz, ikazkin asko ere bai. |
Karlistaldietan, Santa Kruz apaiz ospetsua Aramaion zegoen preso. Hil aurreko gauean leihotik ibaira saltatu eta ihes egin zuen. Gantzagako auzotar batzuen laguntzarekin, haitzulo batera iristea lortu zuen, eta bertan ezkutatuta egon zen Frantziara alde egin zuen arte. Oraindik ere “Santa Kruz apaizaren koba” esaten diote. |
· Arexola: Altitudea: 485 m. Biztanleak: 59. Historia: Auzo hau historikoki Arexola familiari lotuta egon da. Herriko familiarik aberatsenetakoa zen eta haiek sortu zuten auzoa. Barreiatutako auzune bat dauka: Arriola. |
Ondarea: Santa Marinaren eliza oinplano angeluzuzenekoa da, erretaula nagusi neoklasikoa dauka, eta alboetan Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Pedroren irudiak. |
Hirutasun Santuaren edo Letasurko baseliza dauka. Baita Santikurutzekoa ere, Arangioko haitzean. Bertan erromeria herrikoia egiten da ekaineko lehen igandean. |
Jaiak: uztailaren 19a (Santa Marina). |
· Azkoaga: Altitudea: 466 m. Biztanleak: 147. Historia: Auzo hau haraneko ekialdekoena da. Hego-ekialdean Leintzeko haranarekin egiten du muga, horren ibilbide osoan, Induspeko haitzetatik Marotoraino. Bi auzune dauzka, Zabola eta Altzaga. |
Ondarea: Azkoaga auzoko Salturri baserria, monumentu arkitektoniko izendatua. |
San Joan Bataiatzailearen parrokia elizak nabe bakarra eta erretaula nagusi neoklasikoa dauka, eta alboetan, San Joan Bataiatzailearen Lepogabetzea eta Andre Mariaren Jasokundea. |
San Adrianen baseliza (abuztuan egiten da erromeria) eta Santa Ageda edo Agedatxorena. Seme ospetsuen artean, Martin Altzaga, Buenos Airesen askatzailea. |
Jaiak: ekainaren 24a (San Joan). |
· Barajuen: Altitudea: 490 m. Biztanleak: 82. Historia: Auzo hau tokiko zaharrena dela uste da. Barajuenen biltzen ziren Aramaioko haraneko kapareak. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia elizak fabrika eta erretaula nagusi barrokoak dauzka; albo modernoetan, Santa Katalina eta San Andres. |
Jaiak: abuztuaren 15a (Andre Mariaren Jasokundea). |
· Etxaguen: Altitudea: 625 m. Biztanleak: 22. Auzo hau Arangioko haitzen oinean dago, hegoaldeko isurialdean. Urkiolako parke naturalaren sarreretako bat da. |
Ondarea: Uribarren basetxeak haranean bakarrak diren egitura eta xehetasun arkitektonikoak dauzka. San Mikelen elizak nabea, bi begiko kanpai horma eta erretaula nagusi modernoa dauzka; alboetan, Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Pedroren irudiak. |
Jaiak: irailaren 25a (San Mikel). |
· Gantzaga: Altitudea: 495 m. Biztanleak: 39. Auzo hau Ipizteko (Iruatxeta) haitzen oinean dago, Ipiztekoarriagako bizkarretik mendebaldera. |
Ondarea: Donemiliagaren parrokia eliza XVIII. mendekoa da eta nabe bat dauka; izkinetan, kontrahormak. Erretaula nagusia neoklasikoa da, Sortzez Garbiaren eta San Julianen irudiekin. |
Jaiak: azaroaren 12a (Donemiliaga). |
· Ibarra: Altitudea: 322 m. Biztanleak: 920. Historia: Udalerriko hiriburua da eta haranaren erdigune geografikoan dago, Azkoaga, Uribarri-Arexola eta Etxaguen-Gantzagatik datozen errekek bat egiten duten lekuan. Ibarrak lau auzune dauzka; Eguzkierripa, Arraga, Zalgo eta Errotabarri. |
Ondarea: Maskaño baserria haraneko zaharrena da, 1454an eraikia. Eguzkierripan Santa Luziaren baseliza dago. |
San Pedroren baseliza zegoen lekua, Arragan, interes arkeologikoko inguru izendatu dute. |
San Martinen parrokia elizak harlanduzko zutabeak dituen elizpea dauka; tenpluaren oinplanoa oktogonala da eta ez dauka erretaula nagusirik. Sagrario bikaina. |
Baselizak: Ibabeko Andre Mariaren baseliza Eguzkierripan; erromeria irailaren 8an egiten da. Santa Anaren baseliza, Ibarran. San Andres edo San Rokeren baseliza, Goikoerrota baserriaren ondoan; eta San Sebastianen baseliza edo Sastiñe, plazan. |
Jaiak: uztailaren lehen asteburuan, San Martinen omenez. |
· Olaeta: Altitudea: 573 m. Biztanleak: 118. Historia: Kontzeju hau kasu berezia da, haranetik kanpo dagoelako, nahiko urrun eta Otxandiorekin muga eginez. Haren jurisdikzioan «El Limitado» deritzon lurra dago, Olaeta eta Otxandio artean; mendeak dira Araba eta Bizkaia auzitan dabiltzala, haren jabetza dela-eta. |
Ondarea: Sortzez Garbiaren parrokia elizak XVI. mendeko fabrika barrokoa, nabe bat, erretaula nagusi churriguereskoa eta Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Antonioren irudiak dauzka; albo batean 1575eko inskripzio bat dago. |
Artuola baserria (burdinola) ondare arkitektonikoa da. |
Jaiak: abuztuaren 15a (Andre Mariaren Jasokundea). |
· Untzilla: Altitudea: 481 m. Biztanleak: 81. Auzo hau Gipuzkoatik gertuen dagoena da. Auzune bat dauka: Suña. |
Ondarea: San Pedroren parrokia eliza azken gerra zibilean suntsitu zuten. Egungo erretaula Eskoriatzatik (Gipuzkoa) ekarria da. |
San Mikel Zurianoren baseliza, izen bereko auzunean. |
· Uribarri: Altitudea: 445 m. Biztanleak: 74. Auzo hau oso zabala da eta baserriak nahiko sakabanatuta dauzka. Bi auzune ditu: Gureia eta Zubieta. |
Ondarea: San Estebanen parrokia elizak atari errenazentista eta erretaula nagusi neoklasikoa dauzka. Mariakako Ama Birjinaren irudia Albinako baseliza batetik ekarria da. |
Mariakako Andre Mariaren edo Marixekaren baselizan irailaren lehen igandean egiten da erromeria. San Bartolomeren baseliza, Zubieta auzoan. San Kristobalen baseliza; erromeria uztailaren bigarren igandean egiten da. Done Jakueren baseliza, Gureia auzoan. |
Jaiak: abuztuaren 3a (San Esteban). |