Artziniega udalerria. Azalera: 27,45 Km². Biztanleak: 1631. |
Artziniega Arabako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Bizkaiko eta Burgosko mugetan; mugakide hauek ditu: Mena Harana (Burgos), Gordexola (Bizkaia) eta Aiara (Araba). Artziniegako udalerrian historian ongi bereizitako bi lurralde daude: Artziniegako hiria bera eta, haren barrutiari atxikitako inguruko eremuan, auzo-baserri hauek: Ureta, Barretaguren, Eskartza, Hormaza, Barratxi (San Antonio), Benta, Gordeliz, Las Caserias, Las Campas eta San Roman; bai eta Campijoko lekua ere (Burgoseko Ayegako lurrekin du muga eta garai batean Balmasedako bidean bertan zegoen). |
Bestalde, zenbait herri Artziniegarekin batera agertzen zaizkigu 1841. urtetik aurrera: Mendieta, Erretes Tudela, Santa Koloma eta Soxoguti, hain zuzen. Ordurarte herri horiek Aiarakoak izan ziren, eta gaur egun oraindik Aiarako forua indarrean dute, Artziniegako hirian ez bezala. Hiriaren eta herrien arteko harremanak, historian zehar, Ordunteko Batzarrean arautzen ziren. |
Artziniega, hainbat mendetan zehar, lurralde euskaldunaren eta lurralde erromanizatuaren arteko muga betean egon zen, eta, horrenbestez, bi hizkuntzak batera bizi izan ziren inguru geografiko horretan Erdi Aroaren amaieratik. |
Artziniega aldea antzinatik egon zen jendeztatuta. La Iglesia kobazuloan, Erretes Tudelan, Historiaurreko giza gorpuzkinak aurkitu dituzte, eta, handik urrutira gabe, Gordelizen, XVIII. mendean latinezko idazkuna zuen hilarri bat aurkitu zen, erromatarrak inguruotan egon ziren seinale. Era berean, Arteko Andre Mariaren santutegian egin diren indusketetan erromatar kultura materiala zuen kokaleku baten aztarnak aurkitu dira, IV.-VI. mendeetakoak. |
Artziniegaren historia idatzia 1272. urtean abiatu zen, Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak hiri gutuna eman zionean. Hiria, ordutik aurrera, Bizkaiko foruak, lurraldeko foru naturalak, arautu zuen; ekonomia eta zergen alorreko gauzetarako, Gasteizko foruak. Don Tello hil arte, Artziniega Bizkaikoa izan zen, baina 1370ean, hil zenean, anaia Henrike II.ari laga zion; handik urtebetera, azken horrek Pero Lopez Aiala Kantzilerrari eman zion, Orozko eta Laudioko ibarrekin batera. Bizkaikoa izan zen bitartean, Jaunak izendatzen zituen alkateak; geroztik, herriak izendatu zituen, batzar irekian. |
Garai hartan gertaera historiko bitxiak gertatu ziren Artziniegan: esaterako, auziak sortu ziren soldadutza egin nahi ez zuten bertako zenbait gazterekin; 1674. urtean, Arabako Batzar Nagusietan Artziniegako prokuradorea arbuiatu zuten, gaztelaniaz ez zekielako. |
Azken karlistaldian batailak jasan behar izan zituen Artziniegak, eta hiriko agiritegia eta erregistro zibila erre zituztenez, garrantzi handiko agiriak galdu ziren. Espainiako Gerra Zibilean ere Artziniega gatazkaren erdian gertatu zen. |
· Artziniega: Altitudea: 210 m. Biztanleak: 1633. |
Historia: Udalerriko hiriburua da, eta oraindik Erdi Aroko kokalekua gordetzen du, hirigune historikoak erakusten duenez; Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo Historiko-artistiko izendatu zuen 1995. urtean. Ondarea: Hirigune historikoa. Hiribilduak Erdi Aroan merkataritzan zeukan garrantzia zela medio, leinu nobleak kokatu ziren bertan. Horren lekuko, 46 leinu baino gehiagoren armarriak daude, bai eta hiriko etxeak, dorretxeak, jauregiak eta eraikin publikoak ere. Hiriko ondarean askotariko estilo eta erabilerak daude, gotikotik errenazimenturako trantsiziotik neoklasizismora, eta XVI. mendetik XX. mendera. |
Ortiz Molinillo Belasko dorrea. XVI. mendearen amaierako jauregia da, eta atari errenazentista du. Jauregi barroko bat du atxikita. Hiriko eraikuntza nagusietariko bat da. Erdi Aroko dorre zahar baten hondakinen gainean eraiki zuten 1593. urtean. Dorrea Aiarako kondeena zen, eta horregatik hasiera batean “Aiara dorrea” deitu zitzaion. |
Goiko plaza eta udaletxe zaharra: XIX. mendekoak. Valletarren etxea: XVII. mendekoa eta barrokoa, aurrealde nagusian armarri bikaina gorde du. Bengoa dorrea: XVI. mendearen hasierakoa, Artekalen kokatua. Aranguren jauregia. XVIII. mendeko eraikin barroko honek bi gorputz arkitektoniko ditu, “landa jauregiak” deiturikoen eskualdeko ereduari jarraituta. Andre Mairuaren etxea: etxebizitzatarako multzo honek lorategi bikaina, zerbitzu etxea, kotxe tokia eta abar dauzka, eta neoklasikoa da, XIX. mendearen hasierakoa; XX. mendean sakon eraberritu zuten. Moja agustindarren komentua: hainbat garaitako osagaien multzoa da (XVI., XVII. eta XVIII. mendeetakoa). Jasokundeko Andre Mariaren parrokia eliza: gotikoerrenazentista da, eta XVII. mendeko eliz atari klasizista du; lehenenengo udaletxea atxikita dauka. Fatxadak eliz ataria eta atxikitako eraikin bat hartzen ditu. Artziniegako lehenengo udaletxea 1642koa da. Arteko Andre Mariaren santutegia: hirigunetik hurbil dago. Ikerketa berrien arabera, erromatarren garaian jendeztaturik egon zen, eta gero kristautu egin zen; hala, ondoz ondoko bi tenplu egon ziren, prerromanikoa eta erromanikoa, hurrenez hurren. Harlanduzko eliz atari ederra du, aurrean harrizko lau arku eta alboan bat dituena. Barruan, erretaula nagusia nabarmentzen da; XVI. mendearen hasierakoa da, estilo hispano-flandestarrekoa, eta monumentu historikoartistiko izendatuta dago. Tabernakulu tenpletea ere nabarmendu behar da. Ama Birjinaren irudi bat du, XIV. mendeko zurezko tailu gotiko bikaina. |
· Campijo: Altitudea: 240 m. Biztanleak: 6. Herri honetako San Joanen parrokia elizan erretaula nagusi barroko bat dago, Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Antonioren irudiekin batera; eraikuntza, oro har, landatarra da. |
· Erretes Tudela/Retes de Tudela: Altitudea: 394 m. Biztanleak: 35. |
Herri honetan, Santa Maria Magdalenaren parrokia eliza dago. Fabrika barrokoa da, eta erretaula nagusia zein alboko erretaulak, rococoak. Dorrea karratua da, eta harrizko kupula du. Horrez gain, San Rokeren baselizak burdin hesia du fatxadan. |
· Gordeliz: Altitudea: 360 m. Biztanleak: 30 |
Herri hau dagoen tokian, XVIII. mendean, latinezko idazkuna zuen hilarri bat aurkitu zuten, erromatarrak lur hauetan egon ziren seinale. |
· Mendieta: Altitudea: 220 m. Biztanleak: 13. |
Herria da. Mendietako dorretxea XVI. mendekoa da; aurrealdeak gerrarako osagaiak gorde ditu, hala nola kanoi zuloak, garitak eta gezileihoak, armarriaz gain. |
San Tomasen parrokia eliza. Ganga barrokoak ditu, eta zurezko zutabeak eliz atarian. Erretaula nagusia rococoa da, eta San Antonioren eta San Josefen irudiak dauzka. Oinplano hexagonaleko dorrea. |
· Santa Koloma: Altitudea: 342 m. Biztanleak: 21. |
Herri hau Balmasedako bidean dago. Dorretxe bat egon zen bertan, baina gaur egun ez dago haren aztarnarik, ezpada Dorrea deritzon etxea, salazartarren hamahiru izarreko armarria duena. |
· Soxoguti/Sojoguti:Altitudea: 238 m. Biztanleak: 31. |
Historia: Herri honetan, duela hirurehun urte, bi auzo zeuden, bakoitzak bere eliza zuela: San Erroman eta Barruelo. XVI. mendearen amaieran eraikitako Dorrearen hondakinak gorde dira. Han bizi izan zen Lope Saenz Camara fundatzailea, Oribe Salazar familiekin lotu zena. Gero Molinillos Belaskotarrak eta Vivancostarrak izan ziren dorreko jaunak. Soxogutin beste dorre bat ere egon zen, Molinillo deiturikoa bertan bizi zirenen abizenagatik: Ortiz Molinillo eta Belasko. |
Ondarea: Ama Birjinaren Deikundearen parrokia eliza. Ganga gotikoak ditu, eta erretaula nagusia rococoa da. Badago fundatzaileen blasoiak dauzkan hilarri bat ere. |