Berantevilla udalerria. Azalera: 35,73 km². Biztanleak: 522. |
Uda ibaiak zeharkatzen du Berantevilla, urak Zadorra ibaira isuri baino lehentxeago. Zadorrak, ehunka metro batzuk aurrerago, Ebro ibaian isurtzen ditu. Hegoaldean beste ur lerro bat igarotzen da, Inglares ibaia, eta horrek urak Ebrora isurtzen ditu zuzenean. Herriaren ekonomia nekazaritzan oinarritu da, eta industria jarduera xumeak ere izan ditu. |
Historian zehar gune estrategikoa izan da, antzinako ibilbideen erdian eta Done Jakue bidean baitago. |
Berantevillako lurrak jendeztatuta egon ziren daturik zaharrenak erromatarren garaikoak dira, Vetrusako aztarnategia hor baitzegoen, egun Lacorzanilla auzoa dagoen lekuan. “Berantevilla” toponimoa lehen aldiz azaltzen den agiria Muñoz Alvarez Llazarrak 1080. urtean Donemiliagari dohaintza bat egin zionekoa da. |
· Berantevilla: Altitudea: 479 m. Biztanleak: 324. |
Historia: Kontzeju hau Uda ibaiak zeharkaturiko lautada batean dago. Gaur egun baino munta handiagoko herria izan zen, eta harresiz inguratuta egon zen. Hortik igarotzen zen Galietarako erromatar galtzada. Donemiliaga Kukulako Kartularioan Virantevilla gisa jaso zen. Gero, Berandi Villa (1113), Verantevilla (1257), Vrantevilla (1628), eta Brantebilla (1706) gisa aipatu izan da. Berantevillak 1299ko apirilaren 4an jaso zuen hiribildu titulua. |
Ondarea: Gotorlekua edo dorre zaharra, eta etxe armarridun eta barroko ugari Kale Nagusiaren alde banatan. |
Jasokundeko Andre Mariaren parrokia eliza. Baditu Erdi Aroko aztarnak elizaren nabean eta koruan, hala nola eskailera kiribiletik elizan sartzeko arkua. Erretaula nagusia XVIII. mendekoa da, barrokoa, aldi churriguereskokoa. |
Jaiak: irailaren 8an (Andre Mariaren Jaiotza). |
· Escanzana: Altitudea: 486 m. Biztanleak: 8. |
Historia: Berantevillako herri hau muino txiki baten gainean dago, Uda ibaiaren eskuinaldean. |
Ondarea: San Bizenteren parrokia eliza. Atarian erdi-puntuko arkua du, landa estiloko eliz atari baten barruan, bai eta hiru begiko kanpai horma ere, murruaren gainean. Erretaula nagusia barrokoa da, eta Arrosarioko Ama Birjinaren irudia dauka. |
· Lacervilla: Altitudea: 565 m. Biztanleak: 15. |
Historia: Kontzeju hau sakonune batean dago. Licerivilla gisa aipatzen da 1257ko agiri batean; eta La Cervilla gisa 1742ko beste batean. |
Ondarea: San Klementeren parrokia eliza. Multzoak erromanikotik gotikorako trantsizioaren Erdi Aroko aztarna zenbait gorde ditu. Erretaula nagusi barrokoaren burualdea nabarmendu behar da, bai eta erretaula neoklasikoak eta bataiarria ere, duen antzinatasunagatik. |
· Lacorzanilla: Altitudea: 460 m. Biztanleak: 18. |
Historia: Berantevillako herri hau garai batean Arabako komunikabideen lotune izan zen: erromatarren garaian Iberiar goi lautadaren eta Ebroren artean; Goi Erdi Aroan bidegurutze izan zen Trebiñutik Erriberagoitira, Erriberabeitira eta Gaubeako lurretara iristeko. |
Ondarea: Lacorzanillako Andre Mariaren eliza. Hiru nabe ditu, eta burualdeari atxikita, kaperatxo bat. Azken hori harlanduz eginda dago, eta gainerakoa, harlangaitzez (XVII. mendekoa). |
San Antonioko santutxoa. San Antonioren baseliza-santutegitik hurbil dago. Erdi Aroko hilobi monolitikoa. |
· Mijancas: Altitudea: 524 m. Biztanleak: 48. |
Historia: Kontzeju hau Rojo ibaiak urak Udara isuri aurretik zeharkatzen duen mehargunean dago. Rojo ibaiaren goiko ibilguko herrietara joateko bide zaharraren inguruan sortu zen Mijancas herria. |
Ondarea: Aire zabaleko aztarnategi arkeologikoa. Silexezko gaiak eta eskuzko zeramikak, Kalkolito edo Brontze Arokoak. |
Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Bi arkuko eliz ataria du, harri handiz egindako zutabeekin. Erretaula nagusia barrokoa da, eta dorrea, tamaina handikoa. |
Jaiak: abuztuan. |
· Santa Cruz del Fierro: Altitudea: 509 m. Biztanleak: 61. |
Historia: Kontzeju hau muino txiki baten hegalean dago kokatuta, Zambranako lur lauetatik gorderik. |
Ondarea: San Andresen parrokia eliza. Bi arkuko eliz ataria dauka, eta erretaula nagusia barrokoa da. Santu titularraren irudia gotikoa da; Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Sebastianen irudiak ere badaude. |
Jaiak: irailean, “Gorrion” pertsonaiarekin. |
· Santurde: Altitudea: 545 m. Biztanleak: 26. |
Historia: Kontzeju hau gorabehera leuneko lurretan dago, Rojo ibaiaren ondoan, Trebiñuko mugatik hurbil. Elizako plazatxoan bat egiten duten bi kale laburretan biltzen da herria: Eguerdiko plaza, Arkukale eta Kale Nagusia. |
Ondarea: San Jurgiren parrokia eliza. Osagai erromaniko zenbait gorde ditu, hala nola kanoi ganga, apur bat zorrotza eta haren atari erakargarria. Erretaula nagusia rococoa da, eta kanpai hormak arku handiak dauzka. |
San Estebanen baseliza. San Joan egunean erromesaldia egiten da bertara. |
Jaiak: irailean, “Gorrion” pertsonaiarekin. |
· Tobera: Altitudea: 628 m. Biztanleak: 12. |
Kontzeju hau Inglares eta Uda ibaien arroak banantzen dituzten muinoen lerroan dago, Rojo ibaia igarotzen den korridorean. |
Ondarea: Aire zabaleko aztarnategi arkeologikoa. Eneolito-Brontzekoa da: harri, zeramika eta metal aztarnak. |
Santa Eulaliaren parrokia eliza. Tenplu barruan sartzeko atari erromanikoa du, arku zorrotzekoa, bi arkibolta dituena. Erretaula nagusia rococoa da, eta kanpai horma hiru begikoa da. Kristo Santuaren, Arrosarioko Ama Birjinaren eta Santa Katalinaren irudiak dauzka. |
Jaiak: urriaren 12an. |