Kuartango udalerria. Azalera: 84,39 km². Biztanleak: 376. |
Arabako Ibarren eskualdean dago Kuartangoko ibarra. Kokalekua dela medio, trantsizioko klima, bioekologia eta paisaia ditu, eremu atlantikoaren eta eragin mediterraneo-kontinentaleko lautaden artean. Kuartangok hiru mendilerro ditu muga: Gibijo iparraldean, Arkamu mendebalde eta hegoaldean, eta Badaia ekialdean. Ibarraren erdi-erdian Marinda mendi tontorra dago (983 m.). Baia ibaia Gorbeia mendiaren hegaletan jaiotzen da eta iparretik hegora zeharkatzen du Kuartango. Udalerriaren ipar muturrean dago “Nerbioi ibaiaren urjauzi” ikusgarria. |
Kuartangon, herri erromeriak egiten dira baselizen inguruetan. Corpus eguneko igandean Hirutasuneko erromesaldia egiten da. Eskolunbeko zelaietan, abuztuko azken igandean, erromeria jendetsua egiten da Kuartangoko zaindari den Eskolunbeko Andre Mariaren ohorez. |
Kuartangarrak 19 herritan bizi dira, Zuhatzu Kuartango dela hiriburu. |
· Anda: Altitudea: 606 m. Biztanleak: 25. Historia: Andako kontzejua Kuartangoko iparraldean dago, Baia ibaiak bertara sartzean irekitzen duen igarobidean. Bidegurutzea zen, eta garrantzizko hiru zubi izan zituen. |
Ondarea: Historiaurreko aztarnak Baia ibaiaren ondoan: “Ipar San Sebastian”, “Hego San Sebastián”, “Ipar Gurpide” eta “Hego Gurpide” trikuharrien aztarnek interes arkeologiko handia dute, ostilamendua eta giza gorpuzkinak aurkitu baitira bertan, tartean buru hezur trepanatu bat. |
San Estebanen parrokia eliza. Hiru arkuko eliz ataria du eta erretaula nagusia barrokoa da, urreztatu gabea. Bataiarri erromanikoa dauka. |
Jaiak: abuztuan. |
· Andagoia: Altitudea: 601 m. Biztanleak: 23. Historia: Andako kontzejuko herri hau ibarreko iparraldean dago, toki garai batean, “Castillo”, “Llana” eta “Alto de Santa Cruz” deritzen hegalen artean. Aznar apezpikuaren gutunean, 1257. urtean, Andagoien gisa ageri da. Urkabustaizko lurrekin muga egiten du, eta dorre bat izan zuen, seguruenik Aiarako jaunarena. Dorrea suntsitu egin zuten Karlos I. aren aurkako komuneroen borroketan. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Lau arku beheratuko eliz ataria du, eta erretaula nagusi neoklasikoa; erdian, Andre Mariaren irudi erromanikoa. Burualde poligonala du. |
Herriko pertsona ospetsuak: Pascual Andagoia, Peruren protoaurkitzailea. |
Jaiak: abuztuaren 15ean. |
· Aprikano: Altitudea: 550 m. Biztanleak: 19. Historia: Kontzeju hau ibarreko hego-ekialdeko muturrean dago. “Aprikano” toponimoak “-ano” atzizkia du, ibarrean aurkitutako beste askok bezala, eta atzizki horrek aditzera ematen du jabetza pertsonal bat, fundus bat, egon zela. Aprikano izen horrexekin ageri da Kalagorriko apezpikuaren gutunean (1257). |
Ondarea: Done Jakueren parrokia eliza. Fabrika erromanikoa da, eta oraindik garai horretako harburu batzuk eta leiho bat gordetzen dira. Bi begiko kanpai horma. Erretaula nagusiak osagai barroko batzuk gorde ditu. |
Arkitektura zibil oparoa dauka: Erdi Aroko aztarna interesgarriak, Egiluz, Anda, Montoya eta Ortiz Lunatarren eta beste leinu noble batzuen etxe armarridunenak. |
Jaiak: uztailaren 25ean. |
· Archua: Altitudea: 720 m. Biztanleak: 12. Historia: Lunako kontzejuko herri bat da. Gibijo mendilerroaren Kuartangoko hegaletan dago, Historiaurretik erabilitako bidezidorrekin lotuta; bidezidorren ondoan tumuluak eta trikuharriak –hala nola Lejazarrekoa– daude. Arxua izenaz ageri da 1257. urteko agirietan. |
Ondarea: San Sebastianen eliza. Erdi Aroan eraikia da eta hondatuta dago. Gordetako hondarrak 1970ean eraiki zen eliza berrira eraman dituzte. |
Jaiak: urrian. |
· Arriano: Altitudea: 760 m. Biztanleak: 9. Historia: Lunako kontzejuko herri bat da, eta haren hego-mendebaldean dago. Arreguiano izenaz agertu zen 1257an, eta Arreano gisa zen ezaguna 1556. urtean jada. |
Ondarea: San Erromanen parrokia. Adreiluzko eta harlangaitzezko landa estiloko eraikuntza du, eta ataria Erdi Aro berantiarrekoa da. Oinplano laukizuzeneko eta burualde zuzeneko eraikina da, eta leihateak XIII. mendeko erromanikoak dira, bataiarria bezala. Erretaulan Jesu Kristo Gurutziltzatuaren XIV. mendeko irudi gotikoa dago, bai eta Ama Birjinaren irudi bat ere, “Andra Mari” deritzon motakoa eta gotiko berantiarrekoa dena, kutsu arkaikoa duen arren. |
Jaiak: maiatzean. |
· Etxabarri Kuartango: Altitudea: 595 m. Biztanleak: 18. Historia: Kontzeju hau bidegurutze garrantzitsua da. Etxabarrin antzinako zubi bat, benta bat eta San Anton Abadeari eskainitako baseliza bat egon ziren. 1764. urtekoa da zubia eta Sendadianoko bidean dago (gaur egun errepidea da). Dagoeneko Etxabarri izenaz ageri da Aznar apezpikuaren 1257ko gutunean. |
Ondarea: Done Jakueren parrokia eliza. Kanpai hormak bi begi ditu. Erretaula nagusia barrokoa da. Ama Birjinaren bi irudi erromaniko daude: Arrosarioko Andre Mariarena eta Itxaropeneko Andre Mariarena. San Antonioren baseliza ere badago. |
Jaiak: maiatzean. |
· Guillarte: Altitudea: 740 m. Biztanleak: 7. Historia: Lunako kontzejuko herri bat da, eta 1257an Guibigioarrate gisa ageri zen. |
Ondarea: Andre Mari Sortzez Garbiaren eliza. Landa estiloko eliz ataria dauka, zurezko zutabeekin. Nabe bakarra du eta erretaula nagusia barrokoa da. |
Hirutasunaren baseliza. Toki ezkutu batean dago eta harlangaitzez eraikia da, mendi hegal baten hegoaldean dagoen leize ireki baten aho aurrean. |
· Iñurrita: Altitudea: 720m. Biztanleak: 1. Marindako kontzejuko herri bat da. Ez du parrokiarik, baina garai batean Santa Eufemiari eskainitakoa izan zuen. |
· Jokano: Altitudea: 605 m. Biztanleak: 35. Historia: Kontzeju hau Vadillo ibaiaren ibarreko ekialdeko ahoan dago, Baia ibaiarekin bat egiten duen tokitik gertu. Solacueva izeneko mugartean historiaurreko aztarna interesgarriak daude, mendiko leize batean aurkitutakoak. Brontze Aroko horma pintura eskematikoak dira; horrez gain, erromatarren aztarnak eta Behe Inperioko txanponak. Herria egungo izen berarekin ageri zen 1257an. |
Ondarea: Jokanotarren jauregia. XVI. mendeko eraikina da, eta arku karpanelen xehetasunak, harlanduzko ataburua eta jaunen armarria dauzka. |
San Martinen parrokia eliza. Tenpluaren fabrika, ataria eta leihoa erromanikoak dira, eta erretaula, platereskoa, Mendozatik ekarria. |
Jaiak: uztailean. |
· Katadiano: Altitudea: 605 m. Biztanleak: 4. Historia: Andako kontzejuko herri bat da, eta Otoen eta Katadianoren arteko bideak erruz ibiliak izan ziren Erdi Aroan, Zaragoza-Bilbo ibilbidean. Gatadiano izenaz ageri zen 1257an, eta 1556rako, Katadiano gisa. |
Ondarea: San Pedroren eliza. Erretaula nagusia rococoa da, eta absidean leiho erromanikoak ditu. Bi arkuko kanpai horma dauka. |
Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia. 1541. urtekoa da; erretaula nagusia ere XVI. mendekoa da, eta erdian Ama Birjinaren Erdi Aroko irudi bat dauka. |
Jaiak: abuztuko azken igandean; erromesaldia egiten da Eskolunbera. |
· Luna: Altitudea: 741 m. Biztanleak: 13. Historia: Kontzeju hau ibarreko mendebaldean dago. Duela hainbat mendetatik hona, Lunak izena eman dio Lunako ledania deritzon baso eta bazka erkidegoari. Lunarekin batera, herri hauek osatzen dute erkidegoa: Arriano, Archua eta Guillarte. |
Ondarea: San Andresen parrokia eliza. Asteguietako herriari erositako erretaula nagusia dauka. |
Jaiak: irailaren 8an. |
· Marinda: Altitudea: 700 m. Biztanleak: 1. Historia: Marinda mendi gailurra (980 metro) nagusi da Kuartangoko paisaian. Haren hegalean daude kontzeju etxeak, hondatuta, elizaren hondakinekin batera. Marinda izen bereko alkate-auzoko hiriburua zen. Bertan behera utzita dago, eta garai bateko San Joanen elizaren hondakinak badaude oraindik. |
· Santa Eulalia: Altitudea: 666 m. Biztanleak: 18. Historia: Marindako herri hau Marindako alkate-auzoan dago. Santa Eulalia hagiotoponimoak aditzera ematen du eremu kristautu batean kokatuta zegoela. 1257an, Santa Olalia izenaz ageri da; 1462 eta 1586ko agirietan Santolalia izenaz. |
Ondarea: Santa Eulaliaren parrokia eliza. Atea eta bataiarria erromanikoak dira, eta erretaula nagusia, barrokoa. San Antonioren baseliza ere nabarmentzekoa da. |
Jaiak: abenduaren 8an. |
· Sendadiano. Altitudea: 605 m. Biztanleak: 22. Historia: Kontzeju hau Baia ibaiaren ibarraren erdian dago kokaturik. Egungo izenarekin ageri zen 1257an. Jada 1556rako bertan zegoen San Vitores baseliza. |
Ondarea: San Martinen parrokia eliza. Atea, leihoa eta bataiarria erromanikoak dira eta erretaula nagusia barrokoa. |
Jaiak: uztailean. |
· Tortura: Altitudea: 631 m. Biztanleak: 6. Historia: Etxabarri Kuartangoko herri hau Badaia mendilerroaren oinean dago. Tortum (“bihurria”) izenaz ageri zen 1257. urtean, agian Badaiatik bertara jaisten diren bide bihurriengatik. Torturan garai batean “barruti biribil” bat egon zen: jauregia, etxeak, larraina eta baratzea, gero baseliza izan zen San Tomas elizaz gain. |
Ondarea: San Andresen parrokia eliza. Harlanduskozko eta harlangaitzezko Erdi Aroko eraikina da, XIII. mendekoa. Atariak arku zorrotza du, eta lau arkibolta eta arkugainera, apaindu gabe. Horrez gain, San Esteban baseliza dago. |
· Urbina Basabe: Altitudea: 650 m. Biztanleak: 2. Historia: Marindako herria da, eta Vadillo ibaiak eratutako ibarraren erdian dago kokatuta. |
Ondarea: Urbina leinuaren dorrearen hondakinak eta Done Jakue parrokia eliza. Erretaula nagusia barrokoa da, eta sarrerako atea, gotikoa. Hilobi gotiko bat ere badago, estatua etzana eta erromatar hilarria dituena. |
· Urbina Eza: Altitudea: 607 m. Biztanleak: 19. Historia: Kontzeju hau Badaia mendilerroaren oinean dago, Baia ibairantz jaisten den maldan. |
Ondarea: San Joan Ebanjelariari eskainitako parrokia. XIX. mendearen bukaeran, berriz eraikitzeko lanari ekin zioten, eta erretaula nagusitarako Gasteizko San Pedroren parrokiatik kendutako alboko aldare bat erosi zuten. |
· Uribarri Kuartango: Altitudea: 649 m. Biztanleak: 13. Historia: Kontzeju hau Arkamu mendilerroko haitzen itzalpean dago. Jada 1257tik Uliuarri gisa zen ezagun, eta orduan 7 bizilagun baino ez zituen. |
Ondarea: San Kiriko eliza erromanikoa. XII. mendeko eliza honek arku zorrotzeko eta apaindura soileko ataria du. Barruan, Olartetarren kapera dago, XVI. mendearen bukaerako gotiko berantiarreko ganga batek estalia. Bataiarria XIII. mendekoa da, Kuartangoko bataiarri tipikoa. |
· Villamanca: Altitudea: 671 m. Biztanleak: 9. Historia: Marindako herri hau Arkamu mendilerroaren iparraldeko hegalean dago. “Villamanca” toponimoak iradokitzen du han erromatar villa bat egon zela. Villa manca izenaz ageri zen 1257an. |
Ondarea: Done Jakueren eliza. XII. mendearen bukaerakoa da. Barruan, ebaki bidezko hainbat motiborekin apaindutako hiru hilarri daude. Kanpai horma harlanduskozko eraikuntza ona da, eta bat dator Kuartangoko XVI. mendeko kanpai hormen tankerarekin. |
· Zuhatzu Kuartango: Altitudea: 594 m. Biztanleak: 120. Historia: Kontzeju hau Kuartangoko udalerriko hiriburua da. Auzoen bilakaera ulertzeko, Erdi Arotik gaur egun arte izan diren aldaketei begiratu behar zaie. |
Ondarea: San Pedroren parrokia eliza. Kuartangoko erromanikoko ale ederrenetakoa da. Bataiarria nabarmendu behar da, bai eta Jesu Kristo Gurutziltzatua ere: 1991. urtean eliza zaharberritzen ari zirenean aurkitutako tailu gotiko ederra da. |
Jaiak: uztailean eta abuztuko azken larunbatean. |