Udalerrian topatutako arkeologia aztarnak oso urriak dira XI. mende arte. Aurkitutako lehen aipamen argia Donemiliaga Kukulako monasterioari ordaindu behar zioten herrien zerrendan dago eta 1025eko Donemiliaga Kukulako Reja deritzon agirian dago jasota. Kiltxano eta Gazeta izan ezik, egun dauden sei herrietako bost eta herri hustuetako bi, Arrarain eta Garona, agertzen dira, baita Orengohin eta Moio ere. Jendez husteak, askotan, elizak baseliza bihurrarazi zituen. 1337an, Burgeluk hiribildu titulua eta errege forua jaso zituen Alfontso XI.aren eskuetatik. 1484an Errege-erregina Katolikoek Burgelu hiribilduaren aginpidea eman zion Gasteizi eta horrela iraun zuen XIX. mendea arte. Burgelu udal bihurtuko da 1840ko hamarkadaz geroztik. Zadorra urtegia eraiki zenean Ganboa udalerria desagertu zen; hori dela eta, hango kontzejuak inguruko udalerrietan sartu ziren. Marieta, Larrintzar, Garaio, Mendixur eta Zuhatzu Ganboa Barrundia udalerriari erantsi zitzaizkion, Langara Ganboa eta Mendizabal Arrazua-Ubarrundia udalerriari; Azua eta Orenin Burgelu udalerriari erantsi zitzaizkion, baina bi urte geroago, 1959an, desagertuta edo deseginda geratu ziren. |
Pertsonaia historikoen artean honakoak dira aipatzekoak: Juan Ruiz Gazeta, zeinek, 1367an, Naiarako batailaren ondoren, bere zaldi arina utzi baitzion Enrike II. erregeari; Argomanizeko Juan Bautista Larreak (1600-1645) Salamancan ikasi zuen, katedraduna izan zen eta liburu asko utzi zituen; besteak beste, Bizkaiko Foruei buruzko oharrak; Juan Larrea Larrea, Karlos II.aren gortean itzal handikoa izandakoa eta Juan Martinez Maturana Egia, Perun aberastu zen indiano aberatsa. Ez dago ahazterik Juan Garcia edo Gaztea Arbulo, Bizkaiko Jaun Diego Lopez Haroren zerbitzupeko pertsonaia, zeini buruz zenbait bertsio dauzkan kondaira sortu baita. |
· Añua: Altitudea: 560 m. Biztanleak: 46. |
Historia: Kontzeju hau izen bereko ibaiak zeharkatzen du. Alegria ibaiaren adarra da. 1337an Alfontso XI.ak Burgeluri erantsitako herrixketako bat da. |
Ondarea: Interes arkitektonikoa duten zenbait jauretxe; haietako batzuek horma estilo tradizionala daukate eta beste batzuek XVI. mendeko blasoiak. Errota bat ere badago. XIII. mendeko Jaiotzaren eliza erromanikoa harlanduzkoa da eta erromes asko jasotzen zituen; hara iristeko begi bakarreko zubi erromanikoa dago. Saloiko oinplanoa nabe batekoa da. Abside oktogonala eta XIII. mendeko leihateak oso ederrak dira. Tenpluaren gainontzeko gorputza errenazimenduan altxatu zen, XVI. mendean. Ataria XV. mendekoa da. Otazu-Gebara kapera (edo San Sebastianena), XVI.ekoa. |
Santa Luziaren eta San Adrianen baseliza Laurea mendi erkidegoaren (Añua, Trokoniz, Ixona eta Egileta) egoitza da. XVI-XVII. mendeen arteko gurutzea. Erdi Aroko tailua. |
Jaiak: irailean, Andre Mariaren Jaiotzan. |
· Arbulu/Arbulo: Altitudea: 543 m. Biztanleak: 97. |
Historia: Kontzeju hau Zadorra urtegitik hegoaldera dago. Hortik igaro zen Done Jakue bidea, eta San Martinen parrokiatik gertu erromesentzako ospitalearen hondakinak daude. |
Ondarea: Ederki kaleko etxea, landa estilokoa. |
San Martinen parrokiak oinplano angeluzuzena dauka, buru zuzenak eta atal biko nabeak osatua. Presbiterioaren alboetan XVII. mendeko kapera angeluzuzen bi zabaltzen dira. Mende horretakoak dira bataiarria, sakristia, maskor itxurako erliebedun elizpea eta kanpai zuloa ere. XVII. mendeko erretaula nagusiak izena ematen dionaren irudia dauka, baina Gasteizko Arte Sakratuaren Museoan dago. Bataiarria XV. mendekoa da. |
Hilerri ondoko San Lorenzoren baselizak San Lorenzoren tailu bat dauka, haren martirioaren ezaugarriarekin -parrilla-, beste irudi batzuek inguratuta, erretaula herrikoian. |
Jaiak: azaroaren 11, San Martin. |
· Argomaniz: Altitudea: 602 m. Biztanleak: 166. |
Historia: Kontzeju hau Zadorra urtegiaren ekialdeko muturraren hegoaldean dago. 1337an Alfontso XI.ak Burgelura erantsi zituen herrixketako bat da. Juan Larrea Henaio jaunak, Karlos II.aren gerra kontseilari eta estatu idazkariak, bertan zeukan jauregia, erregeordearena ere deiturikoa; egun, 1978az geroztik, turismo ostatu bihurtu da. |
Ondarea: XVI. mendeko San Andresen parrokia itxura sendoko eraikin oso garaia da. Gurutzaduradun latindar gurutzeko oinplanoa dauka. Nabeak bi atal dauzka. Nabe horren atalak estaltzen dituzten tertzeletedun gangetako klabe batzuetan Done Jakue bideko izenak agertzen dira, hala nola Santa Marina. Erretaula nagusi barrokoa, XVII. mendekoa. San Andresen martirioaren margolana zeukan eta, errematean, Deikunde bat; egun biak Gasteizko Arte Sakratuaren Museoan daude. |
Jaiak: azaroaren 30a, San Andres. |
· Burgelu/Elburgo: Altitudea: 549 m. Biztanleak: 147. |
Historia: Kontzeju hau udalerriko hiriburua da. 1337an Alfontso XI.a erregeak hiribildu titulua eman zion eta hari atxikita geratu ziren egungo udalerriko herriak eta Arrarain, Garaona eta Kiltxano desagertuak. Hortik igarotzen zen Dulantzitik Gasteiza zihoan Done Jakue bidea. |
Ondarea: San Pedroren parrokiak lehenagoko erromanikoa ordezten du. Saloiko oinplano luzea dauka, burua nabea baino zabalagoa da (1490), eta tertzeletedun gangek estalita dago. XVI. mendeko presbiterioa oinplano karratukoa da eta tertzeletedun ganga konkortuak dauzka. XVII. mendeko erretaula nagusiak bankua, gorputza eta goialdea edo atikoa dauzka. |
XII. mendeko Arraraingo San Joanen baseliza erromanikoak Erdi Aroko burua gorde du; buruak harlanduzko presbiterioa eta absidea dauzka, leihate bikainarekin, eta harburu interesgarriz dago apainduta. XII. mendeko Andre Mari Zuriaren irudia dauka. |
Jaiak: ekainaren 29a, San Pedro eta San Paulo. |
· Gazeta: Altitudea: 547 m. Biztanleak: 52. |
Historia: Kontzeju hau lautada batean dago, Añua ibaiaren eskuineko ertzean. 1025ean, Donemiliaga Kukulako Rejako agiri batean, Gazaheta izenez aipatzen da, seguruenik Armentia ondoan zegoen Gazeta herri hustuari buruz hitz egiteko. Lehen aipamen idatzia 1257koa da. Bertatik igarotzen zen Dulantzitik zetorren Done Jakue bidearen adar bat. Gazetan Gaonatarren XIV. mendeko dorre gotorra zegoen; dorrea suntsitua izan zen, ermandadeek jaunen aurka izan zuten borroka (XV. mendea) zela-eta edo komuneroen matxinada bitartean (XVI. mendean). |
Ondarea: XIII. Tourseko San Martinen eliza erromanikoa harlangaitzez dago eraikita, eta alde nobleetan harlanduz. Kanpoaldean elementu erromanikoak dauzka. Atari erromanikoak arku zorrotza dauka, eta landare irudiak eta irudi geometrikoak dauzkaten bost arkiboltaz apainduta dago. |
Jaiak: azaroaren 11, San Martin. Ostegun Larderoko haur inauteriaren jai zaharra gorde da. |
· Ixona/Hijona: Altitudea: 615 m. Biztanleak: 56. |
Kontzeju hau udalerriko hegoaldekoena da. Izena Donemiliaga Kukulako Rejan agertzen da (1025): Iscona. 1417an Ixonako Ermandadea osatzen zuen, Iruraizko Ermandadetik kanpora; horretan sartzen ziren Burgelu hiriaren jurisdikzioko gainontzeko herriak. |
Ondarea: Ixonak parrokia eliza izan zuen, baina 1769an suntsitu zen. Egungo eraikina 1772 eta 1805 artean eraiki zen, eta San Estebanen izenpekoa da. Latindar gurutzeko oinplanoa dauka eta xumea, funtzionala eta apainketarik gabea da. Lehenagoko erretaularen sagrarioa (1632) eta 1797an Araiako parrokia elizari erositako alboetako erretaulak gorde ditu. |
Bolatokia eta 80ko hamarkada arte lanean aritu zen errota zaharberritua dauzka. |
Jaiak: Lehen jaiak abenduan izan arren, egun uztailaren bigarren asteburuan ospatzen dira. Mezak eta bestelako gertakizunak iragartzeko kanpaiak jotzeko ohiturari eutsi zaio. |