Casas Rurales con encanto en Guardia

Casas Rurales

Tu casa Aquí!

Guardia, Alava, España

Informazio orokorra:

Guardia / Laguardia udalerria. Azalera: 81,08 Km². Biztanleak: 1513. Altitudea: 635 m. Biztanleak: 1349.

Historia:

Guardiako jurisdikziokoak dira El Campillar auzoa, Paganos kontzejua eta Laserna herria. Historiaurrean, Neolitoan, jendeztatua zegoen. Inguruetan aztarna arkeologiko asko aurkitu dira, eta oraindik ere gehiago agertzen dira. Neolitoaren amaieratik Brontze Aro Betera arte(K.a. 1000) megalitismoaren hileta fenomenoa agertu zen. Bereizgarria da dolmen edo trikuharri deituriko hilobi monumentuak (hilobi kolektiboak) egiten zituztela. Guardian lau trikuharri aurkitu dira: Huesera gaina, Layaza, Sotillo eta San Martin. Horiez gain, 1985. urtean, ustekabean aztarnategi bat aurkitu zuten Guardiatik gertu, interes arkeologiko handikoa San Joan Ante Portam Latinam. Aldi berean egindako ehorzketa kolektiboa da. Gutxienez 289 pertsona ehortzi zituzten, eta kalkulatu ahal izan da K.a. 3035etik 3365era bitartean ehortzi zituztela, Azken Neolitoa deitu dioten une kultural batean. Brontze Arora aurrera eginda, La Hoya herrixka dugu, Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetako bat. Lehen kokalekua K.a. XV. mendekotzat jo da; bertan, indoeuropar populatzaileak harremanetan jarri ziren inguruetan lehendik bazeuden kultura megalitikoekin. Garai hartarako herrixka hesi batez babesturik zegoen; hesiaren hirurehun eta hirurogei metro gorde dira; hasieran egurrezkoa izan zen eta gero harlangaitzezkoa. Erromanizazioaren aldiari dagokionez, “Las Pilas del Camino de Logroño” deitzen zaion erromatar aztarnategia dugu. Egindako indusketan, erromatarren garaiko buztinola baten hondakinak aurkitu zituzten. Eraikuntzarako zeramika egiten zen bertan.
X. mendean, 908. urte inguruan ziurrenik, Antso Abarka nafar erregeak gaztelu bat eraikiarazi zuen, gaur egun Arabako Errioxa den eskualde osoa mendean zuen muinoaren iparraldean, Nafarroa gorde eta babesteko, mairuek eta gaztelauek noizbehinka eraso egiten baitzioten. Horrela sortu zen Guardia, helburu militar handi batekin. Guardiako gaztelua, mugan egonik, Nafarroako nagusietako bat izan zen XIII. mendetik XV. mendera bitartean. 1164. urtean Antso VI.ak hiri forua eman zion Guardiari, eta hiribildu mailara igo zuen. Antso VII.a Azkarrak, gaztelua ez ezik, hiribildu osoa gotortu zuen, eta gotorleku eta bastioi menderaezin bihurtu. Harresiak lau ate zituen kanpoaldearekin lotzeko: mendebaldean, Paganosko atea; hegoaldean, “Mercadal” atea; hego-ekialdean, San Joan atea; eta ipar-ekialdean; Santa Garazi atea. Harategi atea, XV. mendean ireki zuten, ekialdean. Erdi Aro osoan zehar, nafarren eta gaztelauen arteko borroken ondorioz, Guardia jabe baten eskutik bestearenera igaro zen hainbat aldiz. Azkenean, Gaztelaren mende geratu zen behin betiko 1461. urtean, eta, hogeita bost urte geroago, Guardia eta bere herrixkak Araban sartu ziren.
Guardia gotorleku gisa zuen garrantzia galduz joan zen XVI. mendean, eta ez zen gehiago izan guduen gertaleku. Bakealdia egon zen, eta, ondorioz, hiribildua handitu eta aberastu egin zen, ardo salerosketari eta han kokatu ziren familia garrantzitsuei esker. XVIII. mendean, gizartea sakon aldatu zen, eta Felix Maria Samaniego nabarmendu behar da. Guardian jaio zen, 1745. urtean, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen. Guardiak gotorleku izaera hartu zuen berriz XIX. mendean; izan ere, zeukan kokaleku geografikoagatik, borroka militarren leku izan zen atzera ere. Napoleonen aurkako gerran, frantsesek hartu eta arpilatu egin zuten. Karlistaldiek herria deseginda utzi zuten. XX. mendearekin, Guardia suspertzen hasi zen pixkanaka. 1936ko gerraren ondoren, 1970eko hamarkadatik aurrera, handitzen eta hedatzen hasi zen.

Ondarea:

San Joan Bataiatzailearen eliza. Hegoaldeko ataria trantsizioko Erromanikokoa da, XII. mendearen amaierakoa. Baketoiez osatutako bost arkibolta ditu. Arkuak zorrotzak dira barnealdean, eta kanpoaldekoa ia biribila da. Ezkerraldean, fusteak berriz erabat zizelkatuak dituzten bi zutabe gorde dira. Zutabe horien kapitelek iradokitzen dute gotikorako trantsizioaldikoak direla. Eliza babes hesiaren zati da. Tenpluaren zatirik handiena XIII. eta XIV. mendeetakoa da. Zati gotikoa da hori. Nabeen apaindura soila da. Absideak ere garai horretakoak dira, eta bakoitzak garaiera bat du. San Joanek zentzua galdu zuen tenplu-gotorleku gisa XVI. mendean, eta zenbait lan egin zituzten bertan. Dorre almenaduna kanpandorre baketsu bihurtu zuten. Eliza iparralderantz zabaldu zuten, eta oinaldean Pilareko Ama Birjinaren kapera gehitu zioten. Pilareko Andre Mariaren tailua tenpluaren antzinako ate nagusiaren mainelekoa da (XIIIXIV).
Errege-erreginen Andre Mariaren eliza. Eraiki zuten aldietako zatiak ikus daitezke. Oinplano laukizuzenekoa da, eta luzetarako hiru nabe ditu. Lehen aztarna artistikoak elizaren kanpoaldean daude; XII. mendeko osagaiak dira. Mende horretan hasi ziren eraikitzen, estilo erromanikoan. Kanpandorrea tenpluaren oinaldean dago. Abade Dorrea antzinako gaztelu bat da, eta hiribilduko harresiak babesteko zen. Bi aldi bereizten dira eraikuntzaren eta estiloaren aldetik. Lehena Trantsizioko Erromanikokoa, XII. mendekoa eta XIII. mendearen hasierakoa. Bigarrena XIII. mendetik XIV. mendera bitartekoa da.

Herrixkak:

· El Campillar: Altitudea: 412 m. Biztanleak: 26. Guardiako udalerriko herri bat da; izatez, Guardiako auzo bat.
· Laserna: Altitudea: 420 m. Biztanleak: 46. Ebro ibaiaren ondoan dagoen herri txiki bat da. Ondarea: Herrian sartu baino metro batzuk lehenago Assako gazteluaren hondakinak ditugu. XIV. mendean eraitsi zuten. Las Casetaseko Andre Mariaren eliza. Tamaina txikikoa da, eta erretaula rococoa du, San Mikelen irudi barrokoa daukana. Sakristian Andre Mariaren irudi bat du.
· Paganos: Altitudea: 577 m. Biztanleak: 92. Ondarea: Kontzeju honetara iristeko bidetik, saihesbide bat hartuta, Berberanako parkera iristen da. Hor dago izen bereko baseliza, estilo erromanikokoa. Abside karratua du. Herri txiki honetan Juan Ortiz Zarateren etxea eta Jasokundeko Andre Mariaren eliza, XVI. mendekoa, nabarmendu behar dira. Elizak atari eta erretaula errenazentistak dauzka. Guardiako errepidean San Martin trikuharria dago.

Jaiak:

· Ekainaren 24an; dantzak egiten dira “El Cachimorro” izeneko pertsonaiarekin.
· Otsailaren 3an, San Blas egunean, “Marmarisola” izeneko dantzarekin.

Mapa

Powered By Subgurim(http://googlemaps.subgurim.net).Google Maps ASP.NET

Casas Rurales con encanto en Alava

«