· Assa: Altitudea: 400 m. Biztanleak: 40. |
Historia: Herri hau Ebro ibaiaren urertzean dago. Erromatarren garaitik daude herri honen gaineko datuak, hala nola erromatar zubiaren hondakinak. “Mantible” zuen izena, eta Ebro ibaia gainditzeko igarobide garrantzitsua izan zen. Erdi Aroan Assako gaztelutik zaintzen zuten zubia, baina XIV.-XV. mendeetan erabiltzeari utzi zioten eta gainbehera etorri zen. Lehenengo gainbehera garaia arabiarrek Iberiar penintsula mendean hartu zutenean gertatu zen, baina lehengoratu egin zen Assa Done Jakue bidearen barruan geratu zenean, harik eta, XI. mendean, Logroñon zubi bat eginarazi zuten arte. Orduan hasi zen bigarren gainbehera, eta, azkenean, zubia hondatu egin zen XV. mendean. Gaztelua bertan behera utzi eta gero desagertzean, Assa jenderik gabe geratu zen. XIX. mendearen erdialdean, Lantziegoko udalerrian sartu zen. |
Jaiak: Assako auzoan ez da berezko jairik egiten. |
· Biasteri / Viñaspre: Altitudea: 603 m. Biztanleak: 62. |
Historia: Herri hau oso antzinatik egon da jendeztatua. Duela 5000 urteko giza gorpuzkinak eta tresnak aurkitu dituzte, besteak beste, San Gines aldean. Biasteri ageri den lehen agiriak 1094. urtekoak dira, Donemiliaga Kukulako Kartulariokoak, Binasperi izenaz. Forma hori gaur egungo Biasteri euskal izeneraino bilakatu zen. Biasteri eta Laguardia nahastea XVIII. mendearen bigarren erditik dator. Martinez Ballesterosek ikusi zuen “Viasteri” aipatzen zela frantsesen, herbeheretarren eta italiarren XVII. eta XVIII. mendeetako mapa batzuetan, eta Laguardia zela ondorioztatu zuen. Formaren aldetik “Viasteri” aldaera horrek eta Viñaspre egungo izenak antz handiegirik ez izateak erraztu zuen huts egitea. |
Biasteri oso aipatua izan zen Arabako Batzar Nagusiek XVI. mendearen hasieran eginarazi zuten Gasteiz-Logroño bide garrantzitsua zela eta. Hiribildu titulua erdietsi zuen 1699ko martxoaren 18an, eta Guardiatik bereizi zen. |
XIX. mendearen amaieran Lantziegoko udalerrian sartu zen. |
Ondarea: Jasokundearen eliza. Ataria XVII. mendekoa da, eta erretaula nagusiak banku bikoitza du: behekoak erliebeak dauzka, eta goikoak lau ebanjelariak; erdiko solairuan, Jasokundea. Aurreko beste tenplu baten gainean eraiki zuten. |
Jaiak: ekainaren 24an, San Joan egunean. Abuztuaren 25ean, San Gines egunean. |
· Lantziego / Lanciego: Altitudea: 545 m. Biztanleak: 577. |
Historia: Udalerri hau lehen aldiz 1257. urtean agertu zen agirietan. 1366rako jada azaltzen dira bere lehen datu demografikoak, Nafarroako Erresumaren barruan. 1632ko apirilaren 1ean erdietsi zuen hiribildu titulua eta Guardiatik bereizi zen. |
Ondarea: Lantziego garrantzizko kulturagune izan da XVI. mendetik, eta garai hartako artista batzuk bertan kokatu ziren, hala nola Olatetarrak, Mendietatarrak eta Juan Salcedo. Arkitektura zibilean, Armendaritzeko andere markesaren jauregia nabarmendu behar da; Udalaren egoitza da gaur egun. XVIII. mendeko arkitekturaren adibide ona da, fatxada bikaina eta harlanduzko bi solairu dituela. Kale Nagusian badaude nobleziaren arkitekturaren adibide gehiago ere; Larrain Hotela nabarmentzen da guztien artean. |
San Azisklo eta Santa Viktoriaren eliza. Harlanduzko eraikina da, eta gurutze latindarreko oinplanoa du. Jatorrizko eraikuntza XVI. mendekoa da. Tenpluaren barruan, nabarmendu beharrekoak dira Errenazimentuko erretaula nagusia, Santa Anaren erretaula (XVI), eta organo barroko bikaina. |
Landako Andre Mariaren baseliza. Santa Mariaren tailu erromanikoa dauka, “Andra Mari” motakoa. |
Herriko pertsona ospetsuak: |
Juan Gonzalez Salcedo (XVI-XVII), pintorea. |
Lope Mendieta (XVII), muntatzailea. |
Jose Mendieta (XVII-XVIII), tailugilea. |
Miguel Mendieta (XVIII), tailugilea. |
Sebastian Iradier Salaberri (1809-1865), musikaria. |
Jose Maria Montoya (1811-1900), jeneral karlista. |
Marino Amestoy (1883), misiolaria. |
Luis Aramayona Ibañez (1895-1971), musikaria. |
Lorenzo Fernandez Viana Ugarte (1883-1929), eskultorea. |
Jaiak: maiatzaren 15ean, San Isidro Nekazaria. Irailaren 8an, Landako Andre Maria. Azaroaren 17an, San Azisklo eta Santa Viktoria santu martiriak. |