Lantaron udalerria. Azalera: 61,77 km². Biztanleak: 938. |
Egungo Lantarongo udalerria 1978an sortu zen, Salcedo eta Bergonda batu zirenean. Añanako Kuadrillakoa da, Arabako Ibarren eskualdekoa, hain zuzen. |
Lantaron izena Bergonda eta Sobron arteko antzinako herri batetik eta Lantarongo konderritik dator; biak desagertuta daude gaur egun. Dagoeneko 911. urterako agertzen da aipatuta Tellez Lantaron; eta 929an Alvaro Herrameluriz zen Lantarongo kondea. |
Aukera handiak ditu txangoak, mendi-ibiliak eta abar egiteko, hurbil baitago hainbat tokitatik: Sobron, Caicedoko aintzira, Valderejo, Obarenes eta Gesaltza Añana. |
Ekonomiaren oinarria aniztasun handikoa da: nekazaritzan, azukre erremolatxa, patatak, laboreak, bazka landareak eta labore ekologikoak; abeltzaintzan, ardiak, txerriak, behiak eta hazkuntza ekologikoa; industrian, erregaiak, kimika, piroteknia, manufaktura, janariak, eraikuntza, argindarra, sarrailagintza, gozokigintza; zerbitzuetan, ostalaritza, termalismoa eta turismo aktiboa. |
· Alcedo: Altitudea: 559 m. Biztanleak: 35. Historia: Kontzeju hau mendebaldera begira dagoen terraza batean dago, Erriberagoititik Gaubearako jaitsieran. Tokia oso antzinatik egon da jendeztatua, aurkitu diren Eneolito-Brontze garaiko aztarnategiek frogatzen dutenez. Herria garai bateko Bergondako udalerrikoa eta Nafarroako Erresumakoa izan zen, baina Gaztelako Alfontsok konkistatu egin zuen 1200. urtean. |
Ondarea: San Martinen parrokia erromanikoa. Erretaula nagusi neoklasikoa eta alboko kapera errenazentista dauzka. Eliz ataria bi arkukoa da, eta hegoaldeko saihetsean leiho erromaniko ederra du. Done Jakue baseliza berezia da. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Bergonda / Bergüenda: Altitudea: 448 m. Biztanleak: 70. Historia: Kontzeju hau Omecillo ibaiaren albo bietan dago. Bi zubi daude: bata erromanikoa eta bestea modernoa. Bergonda izenaz agertu zen 913an. Izen bereko udaleko hiriburua izan zen 1978. urtera arte; urte hartan, Salcedorekin batera, Lantarongo udalerrian sartu zen. |
Ondarea: Historiaurreko aztarnategi ugari. Eneolito-Brontzekoak nahiz Burdin Arokoak dira, Goi Erdi Aroko nekropoli batez gain. Gaztela itsasoarekin komunikatzen zuten ibilbideetako batean egonik, Bergondatik erromatar galtzada garrantzitsu bat igarotzen zen, Larrazubitik Urduñarainokoa. Geroago, Done Jakue bidetzat eta Gaztela itsasoarekin lotzen zuen errege bidetzat erabili zuten. Bergonda, Sobron eta Bachicaboren artean, antzinako Lantaron herriaren eta Lantarongo kondearen gotorlekuaren hondakinak daude, 911. urtekoak. |
San Joan Bataiatzailearen parrokia eliza. XIX. mendeko fabrika du, eta 1895eko eliz ataria. Erretaula nagusia platereskoa da, eta bolizko Jesu Kristo bikain bat dago, Flandriatik ekarria. Hurtado Mendoza leinuaren armarria. Horrez gain, Mendiko Andre Mariaren baseliza dago. |
Jaiak: Inauteriak ezagunak dira, besteak beste kakarroak deritzen pertsonaiekin. Zaindariaren jaiak ekainaren 24an ospatzen dituzte. |
· Caicedo Yuso: Altitudea: 680 m. Biztanleak: 46. Historia: Kontzeju hau Fontecha, Leziñana eta Molinilla herrien artean dago, Gesaltza Añanatik Ebro ibairako gatzaren bidean. Caicedoko herriaren ondoan, aintzirara bidean, berrikitan Magdalenako nekropolia berreskuratu dute, izen bereko herrixkaren ondoan. Garai batean monasterio bat egon zen, 1087. urtean Donemiliaga Kukulari dohaintzan eman ziotena, Kartularioan ageri denez. Alfontso VI.ak 1095ean Mirandari emaniko foruan aipatzen zen, Caicedo ere foru horren barruan baitzegoen. |
Jasota dago 1474. urtean bazegoela bertan judutegi bat, eta Gesaltza Añanari arazoak sortu zizkiola. Aintzirako Andre Mariaren baseliza han zegoen herriko parrokia izan zen Erdi Aroan. Herria XV. mendean desagertu zen, eta hura guztia, aintzira eta urmaelak barne, Caicedoko herriari laga zion Juan Hurtado Mendoza jaunak. |
Ondarea: Magdalenako nekropolia. Izen bereko herrixkaren ondoan, harrizko aztarnak nahiz bestelakoak ditu, bai eta Eneolito-Brontzekoak eta Erdi Arokoak ere. |
Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Errenazimentuko erretaula nagusia dauka, Ama Birjinaren irudi erromanikoarekin. Gurutzaduran bi albo kapera ditu. Kristo Santuaren, Doloreetako Ama Birjinaren, eta Santa Luziaren irudiak ere bai. Harrizko karela eta koru bikaina. |
Jaiak: maiatzean, San Isidro egunaren inguruan. |
· Fontecha: Altitudea: 489 m. Biztanleak: 124. Historia: Kontzeju hau Mirandatik Larrazubirako errepidean dago, Ebro ibaiaren ezkerraldeko ertzean. |
Garai bateko Bergondako udalerrikoa izan zen, eta Eneolito-Brontzetik dago jendeztatua. Gero garrantzi handiagoa hartu zuen: batetik, Larrazubitik igarotzen zen Akitania-Astorga erromatar galtzadan zegoelako; bestetik, Arreotik igarota Gesaltza Añanatik Larrazubira zihoan gatzaren bidean. |
Alfontso VI.ak Mirandako hiribilduari 1099. urtean eman zion foruan aipatzen da. Judutegi handia egon zen bertan, eta Erdi Aroan balio estrategikoa bereganatu zuen, Arabak Ebro ibaian zuen defentsa lerroan. Ondarea: Erdi Aroko dorre bikain bi. Orgazeko kondeena errepidearen ondoan dago; Kondestablearena, herriko iparraldean. |
San Nikolasen parrokia eliza. Erretaula nagusia platereskoa da; kanpandorrerik ez dauka, baina kanpai horma bai. |
Herriko pertsona ospetsuak: Jose Garcia Mardones (1868) kantaria. Metropolitan Opera Houseko baxu titularra izan zen 12 urtez New Yorken. Beste pertsona ospetsu bat Joaquín Lucarini eskultorea izan zen. |
Jaiak: urriaren 12an, Pilareko Ama Birjinaren egunean. |
· Komunioi / Comunion: Altitudea: 504 m. Biztanleak: 100. Historia: Kontzeju hau udalerriko mendebaldean dago. Bertan dago udalerriko buru den udala. Historiaren aldetik, Cabriana erromatar herriarekin dago lotuta, baina antzinaantzinatik egon da jendeztaturik, Eneolito-Brontzeko aztarnek frogatzen dutenez. Ossingani gisa ageri da 822. urteko agiri batzuetan. 1099. urtean ere aipatuta dago, Miranda Ebrori forua eman ziotenean. |
Ondarea: San Kornelio eta San Ziprianoren eliza erromanikoa. Kapitel interesgarriak, erretaula nagusi neoklasikoa, hiru aldare, leiho erromanikoak eta erromatarren garaiko aztarnak. Ospetsua da Leucina argiaren jainkosari eskainitako boto oparria, Fontechako hareharriz egina; ziurrenik Jainkosa indigena zen, eta ingurukoek gurtzen zuten. Badago inskripziodun harri handi bat ere, hurbileko erromatar tenpluren batetik ekarria. |
Jaiak: San Kornelioren eta San Ziprianoren ohoretan, irailaren 16an. |
· Larrazubi / Puentelarra: Altitudea: 473 m. Biztanleak: 149. Historia: Kontzeju hau Ebro ibaiaren ezkerreko ertzean, ibar batean dago. Garai bateko Bergondako udalerrikoa izan zen. Oso antzinako jendegunea izan da, inguruan egin diren Eneolito-Brontzeko eta Burdin Aroko aurkikuntzek frogatzen dutenez. 1050. urtean aipatzen da jada Gartzia Nafarroak Donemiliaga Kukulako monasterioari egin zion dohaintzan, Ponteko etxea eta Larrateko hiria eman baitzizkion. Halaber, 1299. urtean Puente-Larrt gisa ageri da. Sarmientotarrak izan ziren hiriko jaunak eta gatzaren bidea eta beste jarduera batzuk kontrolatzen zituzten. |
Ondarea: Erdi Aroko nekropoli eta herrixken aztarna garrantzitsuak daude ingurumarietan. |
San Nikolasen parrokia eliza. Kanpai horma du aurrealdean. Nabe bakarra eta erretaula nagusi modernoa. |
Jaiak: iraileko lehen asteburuan (San Nikolas Barikoa),”Pelaire” pertsonaiarekin. |
· Leziñana / Leciñana del Camino: Altitudea: 552 m. Biztanleak: 52. Historia: Kontzeju hau garai bateko Salcedoko udalerrikoa izan zen. Herriaren izenak berak erromatar jatorria iradokitzen du. Leziñanaren eta La Mina trikuharriaren artean Eneolito-Brontzeko aztarna garrantzitsuak aurkitu ziren. Añanatik Ebro ibairanzko gatzaren bidean dago, eta Hurtado Mendoza leinuaren jaurerria izan zen. Licingana izenaz ageri da 1025ean, Liciniana gisa, aldiz, 1043. urtean. |
Ondarea: Done Jakue Apostoluaren parrokia eliza. Erretaula nagusi neoklasikoa du, eta San Andresen irudi bat, santu horrek herrian zuen baseliza desagertutik ekarria. Bai fabrika bai eliz ataria barrokoak dira. |
Jaiak: uztaileko lehen asteburuan. |
· Molinilla: Altitudea: 605 m. Biztanleak: 11. Historia: Kontzeju hau garai bateko Salcedoko udalerrikoa izan zen. Laugune batean kokaturik dago, udalerriko iparraldean, alde garaienean, Turisorekin batera. Antzinatik egon da jendeztaturik; hala frogatzen dute Eneolito-Brontzeko historiaurreko aztarnek eta trikuharriek eta herri ondoan dauden Erdi Aroko kokalekuek, garrantzizko nekropoli eta guzti. Gesaltza Añanatik Ebrorako bidean dago. Defentsa dorrea egon zen garai batean, Hurtado Corcuera leinuarena. Mirandako forua jaso zuen 1099. urtean, eta 1137an zabaldu egin zioten. |
Ondarea: San Martinen parrokia eliza. Sartzeko eliz ataria arku handi baten azpian dago. Erretaula nagusia Errenazimentukoa da, eta santu titularraren irudi gotikoa du. Ama Birjina erromaniko bat. Inguruko baseliza desagertu batetik ekarritako Barrioko Andre Mariari ematen zaio kultu. |
Jaiak: maiatzeko azken asteburuan. |
· Salcedo: Altitudea: 521 m. Biztanleak: 118. Historia: Kontzeju hau udalerriko ekialdean dago, hegoaldera begira dagoen mendi hegal batean. Komunioi, Molinilla, Leziñana eta Turiso herrien artean dago. Antzinaantzinatik egon da jendeztaturik, eta halaxe erakusten dute Lalastra trikuharrian nahiz beste kokaleku batzuetan aurkituriko historiaurreko aztarnek; izan ere, harrizko tresnak aurkitu dituzte. Erdi Aroan San Estebanen monasterioa egon zen bertan, Valpuestako elizbarrutikoa. Donemiliaga Kukulari atxiki zitzaion 974 . urtean, eta ez zuen garrantzia guztiz galdu XIV. mendearen erdialdera arte. |
Ondarea: San Estebanen eliza. Elementu batzuetan aztarna erromanikoak ditu. Fabrika barrokoa da, eta eliz ataria arku bakarrekoa, gainean kanpai horma duela. Erretaula nagusia modernoa da. Irudi erromanikoa, Cabrianako Andre Mariari eskainiriko baseliza desagertu batetik ekarria. |
Jaiak: Salcedon Arabako inauteri zaharrenetakoak ospatzen dira, “Porretero” pertsonaia ezagunarekin. Zaindariaren jaiak irailaren 23an ospatzen dira, San Estebanen ohoretan. |
· Sobron: Altitudea: 505 m. Biztanleak: 65. Historia: Kontzeju hau Ebro ibaia Burgoseko lurretatik Arabara igarotzen den arroilan dago. Antzinatik egon da jendeztatuta, eta horren lekuko dira Eneolito-Brontzeko aurkikuntzak, erromanizazioaren aztarnak nahiz Erdi Aroko hondakinak. Tradizioaren arabera, Favila erregea inguru haietan hil zen 737. urtean, hartz baten atzaparretan, ehizan ari zela. Lantarongo herria, egungo udalerriari izena ematen diona, Sobron, Bachicabo eta Bergonda herrien artean zegoen. El Mazoko haitza eta leizea izan ziren Arabako lehen Konderriaren lehenengo babes gaztelua (852. urtea). |
Hala ere, Sobron ez zen aipatuta agertu 1290. urtera arte. Quixerako Andre Mariari, haginetako minaren abokatuari, kultua emateko zenobio bat egon zen (931). Monasterioa egon zen tokia, gaur egun, urtegi bateko uren azpian dago estalita. Lehen bainuetxea 1858an eraiki zuten, hango ur sendagarriak oso baitziren ospetsuak. |
Ondarea: Andre Mari Sortzez Garbiaren parrokia eliza. Larrainetako Andre Mariaren izena ere izan zuen; izan ere, 1590. urtean herriko parrokia izen horrekin aipatu zuten. Burualdea poligonala da, eta estalkia, gotikoa. Hegoaldeko fatxadan kanpai horma du. Erretaula nagusia barrokoa da. |
Horrez gain, Andre Mari Zuriaren baseliza eta San Martin Herranen baseliza erromanikoa daude. |
Jaiak: ekainaren 3an (Andre Mari Sortzez Garbiaren eguna). |
· Turiso: Altitudea: 646 m. Biztanleak: 54. Historia: Kontzeju hau udalerriko ipar-ekialdean dago, eta herri garaiena da. Jada X. mendeko agirietan azaltzen da. Duela urte gutxi arte herriko iparraldean, Gesaltza Añanarako bidean, zutik zegoen oraindik XV. mendeko dorre gotor bat, Gesaltzatik Ebro aldera zihoazen bideak kontrolatzeko zena. |
Ondarea: San Martinen parrokia eliza. Harlanduzko fabrika du, eta hiru begiko kanpai horma. Erretaula nagusia barrokoa da, eta santu titularraren irudi erromanikoa du. |
Jaiak: uztaileko hirugarren asteburuan. |
· Zubillaga: Altitudea: 470 m. Biztanleak: 114. Historia: Udalerriko hego-mendebaldeko kontzeju hau duela gutxi sortu zen; hain zuzen, ondoan dagoen Komunioi herrikoa izan zen 1989. urtera arte. General Química enpresa 1950ean han kokatu zenean sortu zen, langileentzako bizitoki herria eraiki zuen eta. |