Erriberagoitia/Ribera Alta udalerria. Azalera: 119,78 km². Biztanleak: 734. Guztira, 26 herrik osatzen dute udalerria, eta Pobes da hiriburua. Haren mugakideak Kuartango, Lantaron, Erriberabeitia, Gesaltza Añana, Gaubea, Iruña Oka eta Trebiñu Konderria dira, eta Baia ibaiak zeharkatzen ditu bertako lurrak. |
Erriberagoitiko orografia berezia da; izan ere, higadurak mendi tontor batzuk bakartu ditu, hala nola Kotorrillo eta Escaños Kuartangoren gainean, eta Cantoblanco, Somo, Santa Marina, eta San Vitores udalerriaren erdialdean. Baia ibaiak iparraldetik hegoalderantz zeharkatzen du lurraldea, eta hainbat erreka txikiren urak biltzen ditu bertatik igarotzean. Historian zehar gune estrategikoa izan da, Gaztela itsasoarekin lotzen zuten igarobideak mendean zituelako: batetik, Nerbioira zihoana eta, bestetik, Lakozmonten barrena Enkarterri aldera egiten zuena. Subijana inguruan Gobaederra kobazuloa dago; bertan giza gorpuzkinak eta beste gai batzuk aurkitu dira. X. mendetik aurrera baditugu zenbait herriren aipamenak; lehenak, Hereña eta Tuyo herrienak. Erriberagoitiak ermandadea eratu zuen Erriberabeitiarekin batera, eta Orgazeko Kondearen Jaurerrikoa izan zen. Bertako jarduera nagusia nekazaritza izan da betidanik, eta garia, garagarra eta oloa egiten dituzte; hegoaldean, azukre erremolatxa. |
· Antezana de la Ribera: Altitudea: 585 m. Biztanleak: 44. Historia: Kontzeju hau Montemayor muinoaren oinean dago. Agirien aldetik, Donemiliaga Kukulako Rejaren Botoko zerrendan agertzen da. |
Ondarea: Abezia leinuaren armarria duen etxea. Ezaugarri barrokoak ditu, baina erabilera militarrerako etxeen gotortasuna du, aurrealdearen erremateak agerian uzten duenez. |
Andre Mariaren Jasokundearen eliza. Burualde poligonaleko nabea du, eta hormak harlangaitzezkoak dira. Atari barrokoaren aurretik eliz atari landatarra dago. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta alboko kaperak (Juan Abeziak fundatu zuen) 1584ko burdin hesi platereskoa du. |
Bozkarioko Andre Mariaren baseliza. Irudi erromanikoa dauka, eta erromesaldia egiten da bertara maiatzean. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Anucita: Altitudea: 580 m. Biztanleak: 56. Historia: Kontzeju hau Tuyo mendilerroaren hego-isurialdean dago. Agirietako agerpenen aldetik, Donemiliaga Kukulako Rejaren Botoan ageri da lehenengo aldiz, baina aztarnategi arkeologiko batek baino gehiagok lehenagoko jendeztatzeak uzten dituzte agerian. Baia ibaiaren erriberatik hurbil daude aztarnak, bai eta San Migel eta Mimbredo auzoen artean ere. |
Ondarea: Anucitako jauregia. Zulueta familiarena izan zen. Oinplano laukizuzena eta hiru solairu ditu. Oso eite trinkoa du. Harlangaitzez eta harlanduz egina da, eta nabarmentzeko moduko zurezko lanak ditu, hala nola ate nagusia eta alboko balkoiak. |
San Estebanen tenplua. Burualde poligonaleko nabea da, eta dorre karratu bat dauka, goialdean kanpai tokiaren gorputza duena. Eliz atariak erdi-puntuko bi arku ditu. Aldare nagusiko erretaula neoklasikoa da. Elizan San Bizente Martiriaren gorputza dago, momia eran; Erromatik ekarri zuten Arabako markesak eskatuta. |
San Klemente baseliza ere badago, erretaula barrokoarekin. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Arbigano: Altitudea: 592 m. Biztanleak: 8. Historia: Kontzeju hau toki bazter batean dago, Gesaltza Añanaren iparraldeko eta Lakozmonteko korridorearen hegoaldeko muinoek eratzen duten ibar batean. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da. |
Ondarea: Andre Mariaren Ikustaldiaren eliza. Nabe bat du, eta bi kapera gurutzadura eran. Erretaula nagusia Errenazimentukoa da, eta Jesusen bizitzako gaiak dauzka. Dorre baxua du, eta arku handi bat eliz atarian sartzeko. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Arreo: Altitudea: 752 m. Biztanleak: 4. Historia: Kontzeju hau Somo mendiak mendebaldera egiten duen lekuan dago. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da aipatuta. Ez litzateke nabarmenduko, bertan Arreoko aintzira ez balego. Toki mitologikoa da, eta haren inguruan badago zenbait elezahar. |
Ondarea: San Tomasen parrokia eliza. Nabe bakarra du, eta jatorrizko eraikuntzatik leihate gotikoa eta Erdi Aroko ataria gorde ditu. Aldare nagusiko erretaula neoklasikoa da. |
Aintzirako Andre Mariaren baseliza. Eraikin landatarra da, bi bao eta leiho bat dituena. Lagos herri hustua gogorarazten du. Pobesetik Gesaltzarako errepidean, Arreorantz igotzen hasita, Yerako Andre Mariaren baseliza dugu. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Artatza / Artaza: Altitudea: 770 m. Biztanleak: 15. Historia: Kontzeju honetako etxe multzoa elkarri lotu gabeko unitatez dago osatuta, eta haietarako sarrera bide adarretatik egiten da. Donemiliaga Kukulako Botorako ekarpena dela eta ageri da aipatuta lehenengo aldiz. |
Ondarea: San Antonioren baseliza. Eraikuntza landatarra da, eta barruan santua dago. |
San Kosme eta San Damianen parrokia eliza. Iragan erromanikoaren aztarnak gorde ditu, burualdeko leihatean eta nabearen luzeran, kanpoko aldean, dituen harburuetan. Erretaula nagusia neoklasikoa da. |
Jaiak: ekainean, San Antonio egunaren inguruan. |
· Axkoeta / Escota: Altitudea: 660 m. Biztanleak: 13. Historia: Artatza-Axkoeta kontzejuko herri hau gorabehera leuneko lurretan dago, Lakozmonteko korridorean. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da. Bertako etxeetako Erdi Aroko aztarnei eta kokatuta dagoen lekuari erreparatuta, garrantzia izango zuen historian. |
Ondarea: Andre Mari Sortzez Garbiaren parrokia eliza. Fabrika erromanikoa du, eta bi albo kapera. Erretaula nagusia rococoa da, bai eta alboetako Arrosarioko Aman Birjinaren eta San Joanen erretaulak ere. |
Jaiak: ekainean. |
· Barron: Altitudea: 674 m. Biztanleak: 19. Historia: Kontzeju hau gain txiki batean dago, Arkamu mendilerroaren hegoaldeko mendi adarretan. Barron Lakozmonteko udalerriko hiriburua izan zen, 1927. urtean desagertu zen arte. Agirietan, lehen aldiz Donemiliaga Kukulako Rejan agertu zen. |
Ondarea: Kapare elementuak dituen etxea. Armarrietako batek Victor Urbina aipatzen duen kartela du. Bestea armarrien kanonen barruan dago. Biak Santa Cruz del Fierrokoak ziren jatorriz, eta 1908an eraman zituzten Barrona. |
Barrongo dorretxea. Erdi Aroko zenbait osagai dauzka. |
San Estebanen eliza. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta dorre baxu bat, goialdean kanpai tokia duena. |
Horiez gain, Abauntza baseliza. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Basquiñuelas: Altitudea: 680 m. Biztanleak: 6. Historia: Kontzeju hau Omecillo eta Baia ibaien arroak banantzen dituzten mendixken anfiteatroan dago. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da. Litekeena da San Ginesi eskainitako eta 1216an dokumentatutako monasterioa egungo eliza izatea. |
Ondarea: Elizak San Gines du izena, aspaldiko monasterioak bezala. Antzina-antzinako ezaugarriak gorde ditu, hala nola atari landugabe bat, hormaz itxitako leihate erdi ezkutatu bat eta giza itxurako bi irudi txiki. Oso marrazki interesgarriak dituen antzinako bataiarria gordetzen du. Aldare nagusiko erretaula XVII mendekoa da. |
Jaiak: abuztuan, San Gines egunaren inguruan. |
· Caicedo Sopeña: Altitudea: 601 m. Biztanleak: 28. Historia: Kontzeju hau Castillo Sopeñako kota maldatsuko (822 m) lehen terrazetan dago. |
Ondarea: San Martinen parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du, eta kapera bana alboetan. Erretaula nagusia barrokoa da, eta nabarmentzeko moduko tabernakulua du. Bataiarri erromanikoa. |
Horrez gain, Santa Gemma edo Santa Marinaren baseliza dago, herritik mendebaldera. |
Jaiak: azaroaren 11n, San Martin egunean. |
· Castillo Sopeña: Altitudea: 610 m. Biztanleak: 4. Historia: Herri hau izen bereko tontorraren malda malkartsuen azpian dago kokatuta, Baia ibaiaren arroa oinetan duela. Rejaren Botorako ekarpena egin zuten herrixken zerrendan ageri da. |
Ondarea: San Andresen eliza. Ez da nabarmentzen, ez baitu kanpai hormarik. Garai batean izan zuen, baina ezkutaturik geratu zen, nabeari gorputz bat eranstean. Erretaula nagusia barrokoa da. |
· Hereña: Altitudea: 526 m. Biztanleak: 15. Historia: Kontzeju hau Baia ibaiak zeharkatzen dituen Erriberagoiti hegoaldeko lurretan dago. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da. Erdi Aroan, kokalekuagatik, familia itzaltsuek berentzat nahi izan zuten, eta dorretxe bat eraki zuten bertan. Alabaina, ez da geratu dorretxearen aztarnarik. |
Ondarea: Parrokia eliza. Mendi mazelan gora dago, eta San Mikel du titularra. Eliz ataria landatarra da, eta badu leihate prerromaniko bat. Gurutzaduran kaperak dauzka, eta bataiarria erromanikoa da. |
Jaiak: irailaren 29an (San Mikel). |
· Lasierra: Altitudea: 649 m. Biztanleak: 10. Historia: Kontzeju hau Tuyo mendilerroaren goraguneetako batean dago. Etxe multzoa unitate bakartuek osatzen dute, nahiz eta eraikin osagarrien bidez loturik dauden. |
Ondarea: Done Jakue Apostoluaren eliza. Berriz eraiki zuten 1923an, tenplu zaharreko eta Nuvillako elizako materialekin. Eliz atarian sartzeko erdi-puntuko arku lerdena du, eta haren gainean hiru begiko kanpai horma bermatzen da. Erretaula nagusia neoklasikoa da. |
Jaiak: maiatzaren 13an (San Vitores). |
· Leciñana de la Oca: Altitudea: 528 m. Biztanleak: 21. Historia: Kontzeju hau ordoki batean dago. Donemiliaga Kukulako Rejaren Botoan ageri da. Gasteizako gatzaren bideetako batean dago; horregatik, herri gutiziatua izan zen Erdi Aroan dorretxeak eta gotorguneak eraikitzeko. |
Ondarea: Santa Eulaliaren parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du. Plazara begira dagoen aurrealdean eliz atariaren eta sakristiaren gorputza ageri da. Leiho gotiko bat eta armarri bat herriaren iraganaren seinale dira. Atariak eta bataiarriak ezaugarri erromanikoak dituzte. |
Jaiak: abenduan (Santa Eulalia). |
· Morillas: Altitudea: 537 m. Biztanleak: 37. Historia: Kontzeju hau toki malkartsuan dago, Arkamu mendilerroaren ekialdean eta Badaia mendilerroaren ondoan. Herritik hurbil, Gobaederra kobazuloak daude. Kokalekua zela eta, aialarrek bere eraikuntzak egiteko aukeratu zuten. Donemiliaga Kukulako Botoan Murillas gisa ageri zen, eta izena ematen zion 13 herrixka hartzen zituen ermandadeari. Historian zehar, hainbat gertaeraren harira egin da ezagun, hala nola Antso Lopez Bizkaiko jaunaren heriotza (973), Komunitateen Gerra (gotorlekua suntsitu zuten) eta, gero, Napoleonen aurkako gerra. |
Ondarea: San Pedro Apostoluaren eliza. Oinplanoa laukizuzena da, eta tenpluak apur bat zorrotzak diren kanoi gangak dauzka. Erretaula nagusiak apostolutza bankua eta hiru gorputz dauzka; ohol oso aipagarriak. |
· Nuvilla: Altitudea: 600 m. Biztanleak: 9. Historia: Herri hau Tuyo mendilerroaren hegoaldeko hegalean dago. Donemiliaga Kukulako botoan Lunivilla gisa ageri da; era berean, Nuevevilla izenaz (1257) eta Nobilla izenaz (1727) hango elizaren fabrika liburuan. Gaur egun eliza hondaturik dago. Haren harriak, zati batean, Lasierrako eliza eraikitzeko erabili ziren. |
Jaiak: urrian, San Esteban egunaren inguruan. |
· Ormijana: Altitudea: 619 m. Biztanleak: 26. Historia: Kontzeju hau Lakozmonteko korridoreko lurrak Baia ibaiaren sakonunera zabaltzen diren lekuan dago. Rejaren botorako ekarpena zela eta aipatu zuten. Subijana Morillasekin batera, Aiala Etxearen feudoa izan zen. Komuneroen bandoa garaitu zutenean, 1523. urtean, bertako jaun zen Pedro Aialari ondasunak kendu zizkioten; aurrerantzean hiru herrixka hauek jaurerri izateari utzi eta Koroarenak izango ziren. |
Ondarea: San Pedro Apostoluaren parrokia eliza. Gurutze latindarreko oinplanoa du, eta sakristia, eliz ataria eta dorrea ditu erantsita. Erretaula nagusia neoklasikoa da, eta gangak, barrokoak; Arrosarioko Ama Birjinaren eta Santa Maria Magdalenaren irudiak dauzka. |
Jaiak: urrian, San Frantzisko egunaren inguruan. |
· Paul: Altitudea: 662 m. Biztanleak: 40. Historia: Kontzeju hau Baia ibairantz doan sakonunearen zabalgune txiki batean dago, Tejera gainaren azpian. Rejaren Botoan ageri da. |
Ondarea: Santa Koloma parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du, eta haren eraikuntza landa estilokoa da. Erretaula nagusia rococoa da. |
Jaiak: irailean. |
· Pobes: Altitudea: 549 m. Biztanleak: 154. Historia: Kontzeju honek kokaleku onena du Erriberagoitian sartzeko, ibaiaren ondoan, hainbat bide eta ibilbideren gurutzagunean. Rejaren Boto ospetsuan dago aipatuta. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia. Nabe laukizuzena du, abside poligonalekoa, eta ataria erromanikoa da. Dorreko kanpai tokiaren gorputza piramide formakoa da. Erretaula nagusia neoklasikoa da eta bataiarri erromanikoa gorde du. Abside poligonala eta 1543an margoturiko oholak. |
Jaiak: maiatzean eta abuztuan. |
· San Miguel: Altitudea: 620 m. Biztanleak: 9. Historia: Herri hau Ebro ibairantz hedatzen diren muinoen hegoaldeko hegalean dago. Antzinako jendegunea da, dagoeneko 955. urtean aipatutakoa. Erdi Aroko aztarnak utzi dituen iragana du. Herrira iritsi baino lehen, San Pelaio deritzon herri hustuaren hondakinak daude. |
Ondarea: San Mikelen eliza. Goi Erdi Aroko monasterioa ogorarazten du. Bertan behera utzitako tenpluak estilo erromaniko landatarraren ezaugarriak ageri ditu. Erretaula nagusia Errenazimentukoa da; gangak, erromanikoak, eta eliz ataria, bi arkukoa. |
Herritik iparraldera, Karasta herri desagertuaren hondarrak daude. |
· Subijana Morillas: Altitudea: 537 m. Biztanleak: 68. Historia: Kontzeju hau Techako mendate estuaren ahoan dago. Mehargunea zaintzen du Morillasekin batera (ibaiaz bestaldean dago, eta zubi batez loturik daude biak). Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da. Aiala leinuaren mendean egon zen, komuneroak garaitu ziztuztenean baztertuta geratu zen arte. Napoleonen aurkako gerran, XIX. mendean, frantses soldaduen gehiegikeriak nozitu zituen. Lehen, Morillas eta Ormijanarekin batera osatzen zuen udalerriko hiriburua zen. 1927. urtean sartu zen Erriberagoitian. |
Ondarea: Andre Mariaren Jasokundearen parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du, eta erretaula nagusia hiru gorputzekoa da. Gorputz horiek sei kaletan banaturik daude, eta guztira hogei ohol margotu dauzkate. Goialdean, Jesu Kristoren bizitzari buruzko 1571ko oholak. |
Zabalgune batean, ibaiaren ondoan, “jauregia” dago. Arabako Ibarretako etxe eta jauregi eraikin nagusietako bat da, jauretxe barrokoen motakoa. Hor eman zuen gaua Wellingtonek Napoleonen aurkako gerran. |
Jaiak: abuztuko azken asteburuan. |
· Tuyo: Altitudea: 570 m. Biztanleak: 72. Historia: Kontzeju hau muino baten gainean dago. Rejaren Botoan ageri da. Hiribildu titulua erdietsi zuen, baina ez da ezagun zer forurekin eman zioten. “Pikota” edo “belorita” nabarmendu behar da, justizia aplikatzen zen lekua. |
Ondarea: Santa Anaren parrokia eliza. Oinplano laukizuzena du, eta dorrea burualdean dauka. Oskulua gotikoa da; erretaula nagusia, platereskoa, eta gangak, gotikoak. Arrosarioko Ama Birjinaren eta San Rokeren irudi barrokoak dauzka. |
Jaiak: irailaren 29an (San Mikel). |
· Villabezana: Altitudea: 609 m. Biztanleak: 24. Historia: Kontzeju hau da Erriberagoitian iparralderen dagoena, Ebro ibaiaren gaineko falkan, Baia ibaiaren eskuinaldean. |
Ondarea: San Joanen eliza. Ez da oso garaia, eta estilo landatarreko bi begiko kanpai horma du. Erretaula nagusia neoklasikoa da. 1660. urtean fundaturiko kapera bat du. |
· Villaluenga: Altitudea: 621 m. Biztanleak: 14. Historia: Kontzeju hau Tuyo mendilerroak hegoaldean sortzen dituen goragune ugarietako batean dago. Donemiliaga Kukulako Rejan ageri da aipatuta, eta, hortaz, haren jatorria duela mila urtekoa da ia. |
Ondarea: Justa eta Rufina santen parrokia eliza. Leihate soil eta eder bat baino ez du. Bi zutabe lerdenek markatzen dute eliz atari hondatuaren hasiera. Ataria arku beheratukoa da, eta harri zabaleko dobelak ditu. Erretaula nagusia barrokoa da. |
· Villambrosa: Altitudea: 750 m. Biztanleak: 12. Historia: Kontzeju hau uharte txiki baten modukoa da, Erriberagoitiko gainerako lurretatik bereizia. Mila urtetik gora dituen tokia da, eta Goi Erdi Aroko monasterio zenbait dauzka. Herriaren lehen berria 984-995 aldian bertan egon zen San Erromanen monasterioaren harira jaso da. Diego Valpuesta apezpikuak, X. mendean, berriz jendeztatzeko ekimenak bultzatu zituen Villambrosan eta Alcedon. Goi Erdi Aroan, monasterioetatik hurbil, nekazari koloniak kokatu ziren, eta haiek izan ziren egungo herrixken jatorria. |
Ondarea: San Erromanen eliza. Tokiko lehen monasterioaren deitura gogorarazten du. Baseliza baten itxura guztia du, gorputz txikiak baititu. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta Vallejoko Andre Mariaren irudia dauka, Tuestatik hurbil zegoen baseliza desagertutik ekarria. |
· Viloria: Altitudea: 733 m. Biztanleak: 26. Historia: Kontzeju hau Gesaltza Añanarantz jaisten diren malden gaineko terraza txiki batean dago kokatuta. Rejaren Botoan ageri da. Viloria, Arreo bezala, Gesaltzatik hain hurbil egonik, antzinako gertaeretan nahasita egon zen. |
Ondarea: Santa Eulaliaren parrokia eliza. Nabe laukizuzena du. Erretaula nagusia barrokoa da, eta nabarmendu beharreko bataiarria du. |
Jaiak: irailaren 29an (San Mikel). |